Biologiako ehundik gora adituk klima aldaketak landareetan duen eragina aztertuko dute Gasteizen

Actualizado: lunes, 28 septiembre 2015 13:20

GASTEIZ, 28 (EUROPA PRESS)

   Biologiako ehundik gora aditu Gasteizen bilduko dira asteazkenetik ostiralera, irailaren 30etik urriaren 2ra, klima aldaketak landareetan eta beren dibertsitate biologikoan duen eragina aztertzeko, Landareen Kontserbazio Biologiako Espainiako Elkartearen (SEBiCoP) Landareen Kontserbazio Biologiako VII. Biltzarrean.

   Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako ingurune naturala kontserbatzen lan egiten duten botanikariek antolatu dute topaketa zientifikoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren eta Ihobe sozietate publikoaren, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU), Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren, Arabako Natur Institutuaren, Arabako Natur Zientzien Museoaren, Aranzadi Zientzia Elkartearen, Sestaoko Natur Zientzien Elkartearen eta Landareen Kontserbazio Biologiako Espainiako Elkartearen laguntzarekin.

   Jaurlaritzako Ingurune Naturaleko zuzendari Alexander Botok azaldu duenez, "hitzorduaren helburua landare biodibertsitatearen kontserbazioaren arloan egindako aurrerapenak ezagutzea da, eta, horretarako, hainbat gai jorratuko dira, esate baterako, landareen azterlan molekularrak, ugalketa biologia, in situ eta ex situ kontserbazio jarduerak, landare populazioen demografiari eta dinamikari buruzko azterlanak eta ingurune naturala kudeatzeko estrategiak".

   Asteazkenean eta ostegunean, azken urteetan landareen kontserbazioaren arloan egindako aurrerapenak azaldu eta eztabaidatuko dira, eta, gainera, ehundik gora ahozko komunikazio eta komunikazio grafiko aurkeztuko dira, aldaketa orokorraren aurrean ingurune naturala kontserbatzeari, ingurune naturala kudeatzeko estrategiei eta kontserbatzeko jarduera praktikoei buruz.

   Horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak egin duen Bizkaiko Biodibertsitatea Babesteko, Hobetzeko eta Kudeatzeko Estrategia, Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemaren Berritasunak eta Pedro Uribe-Echebarriak idatzi eta Arabako Foru Aldundiak argitaratu duen "El legado botánico de Lorenzo Prestamero (1733-1817)" liburua aurkeztuko dira.

   Azkenik, ostiralean, zenbait landare espezie mehatxatu kontserbatzeko eta monitorizatzeko lanak bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte parte hartzaileek, Olarizuko lorategi botanikoa eta Izkiko natur parkea bisitatuko baitituzte -zenbait landare espezie leheneratzeko lanak egiten ari dira batean zein bestean-.