Biologiako IX. Olinpiada hasiko da ostiral honetan EHUko Leioako campusean

Actualizado: jueves, 21 enero 2016 14:17

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

   Biologiako IX. Olinpiadaren lehenengo fasea -eskualde mailakoa- hasiko da ostiral honetan, urtarrilaren 23an, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia eta Teknologia Fakultatean, Leioako campusean. Guztira, 33 ikaslek hartuko dute parte, Arabako hiru, Bizkaiko sei eta Gipuzkoako bi ikastetxetatik helduak.

   EHUk jakinarazi duenez, ostiral honetan, 17:00etatik aurrera, parte hartzaileek proba teorikoa egin beharko dute, eta proba horretako sailkapeneko lehenengo hamar ikasleek ariketa praktikoa egingo dute otsailaren 5ean, 17:00etan, Zientzia eta Teknologia Fakultatean bertan.

   Olinpiadako lehen fasean 2015-16 ikasturtean Batxilergoko ikastetxeetan matrikulaturik dauden Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikasleek parte hartu dezakete. Probak lehenengo eta bigarren mailetako Batxilergoko edukiekin lotuta daude. Biologiako Olinpiadaren eskualde maila EHUko Biologiako irakasleak diren Adrian Odriozolak, Ana Puentek, Sergio Seoanek, Beñat Zaldibarrek eta Nerea Fernandezek antolatu dute.

   Eskualde mailako faseko lehenengo hiru postuak lortzen dituztenak Estatu mailako fasera igaroko dira, Vigon (Galizia), apirilaren 7tik 10era bitartean, eta bigarren fase horretako irabazleen hurrengo hitzordua Hanoin (Vietnam) izango da, uztailaren 17tik 24ra arte egingo den Nazioarteko XXVII. Olinpiadan. Azkenik, irailean, X. Olinpiada Iberoamerikarra egingo da Brasilen.