BILBO 24 May. (EUROPA PRESS) -
Bizkaiko Foru Aldundiak biribilgune bat eraikiko du AP-68 eta BI-625 errepideen arteko loturan, bertako trafikoa berrantolatzeko eta, horrela, bide-segurtasuna hobetzeko eta errepideon ahalmenak eremu horretan sortutako arazoak konpontzeko. Bi milioi euroko aurrekontua du proiektuak, foru erakundeak jakinarazi duenez.
Hain zuzen ere, lan hauek egingo dira: 70 metroko diametroa duen glorieta bat eraikiko da AP-68 eta BI-625 errepideak lotzeko, bai Ugao-Miraballesera bidean, bai Basaurira bidean. Biribilgunea Arrigorriagako ordainlekuaren eta BI-625 errepidearen trazatuaren artean kokatuko da, bide horren egungo trazatua baino goragoko kotan.
Lan horiei ekin ahal izateko hitzarmen bat sinatu behar izan da Espainiako Sustapen Ministerioarekin eta AVASA erakundearekin, proiektuak Estatuaren errepide-sareari eragiten baitio. Hitzarmen horren ondorioz, obren kostua finantzatuko du Bizkaiko Foru Aldundiak eta obrak ere berak egingo ditu. Gainera, AP-68 autobidera sartzeko bidea ere eraitsiko du, sarbide hori ez baita beharrezkoa izango biribilgunea eraiki eta gero.
Espainiako Sustapen Ministerioak, bere aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskura jarriko ditu bere titulartasuneko lurrak eta ukitutako zerbitzuak kudeatzen lagunduko dio foru erakundeari. Hitzarmen hori gaur berretsi dute Batzar Nagusiek, Herri Lan eta Garraioen Batzordean.