Birziklapen tasa %65era heltzeko kanpaina abiatu du Bizkaiko Aldundiak

Rementeria eta Unzueta
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 15 mayo 2017 13:35

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bat jarri du martxan astelehen honetan, herritarrak hondakin gutxiago sortzeaz eta sortzen ditugunak birziklatu eta berrerabiltzeko premiaz kontzientziatzeko. "Gero arte. Birziklatu eta atzera itzularazi" kanpainaren bidez, foru erakundeak %65era igo nahi du birziklapen tasa (2016an %43,78 izan zen), Europar Batasunak 2015eko abenduan onetsitako ekonomia zirkularraren sortan 2030erako ezarri zituen helburuak betetzeko.

Ildo horretan, Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Elena Unzueta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak "Bizkaiko gizarte osoaren erronka gisa" planteatu dute kanpainaren helburua, hondakinak sorburuan bereiztean baitago birziklapena eta berrerabilera handitzeko gakoa.

Birziklatze tasak hobetzeko antolaturiko ekintzak astelehen honetan bertan hasi dira. Bilboko Kale Nagusiko tarte batean trafikoa eten egin da eta bilgarri mordoa bota dute galtzadara, 4.000 biztanleko adinako herri batek egunean sortzen duen kopurua, hain zuzen. Ekintza horretan parte hartu dute Rementeriak eta Unzuetak. Kale antzerkilari batzuek hondakin horien bilketan parte hartzeko eskatu diete handik pasatzen ziren pertsonei, eta sortzen ditugun hondakinak birziklatzearen garrantziaz eta beharraz ohartarazi dituzte.

Halaber, helburu berdinarekin Bizkaiko hondartzetara eta jaietara eramango den karpan monitore talde batek lantegiak eskainiko ditu, herritarrek hobeto ezagutzeko birziklapenarekin zerikusia duten gai guztiak. Karpa hori Ibilaldiaren aurtengo edizioan ere egongo da, Mungian, maiatzaren 28an, eta ekainaren 1ean hasiko du bere ibilbidea, irailean amaitzeko.

Lantegietan parte hartzen dutenei hondakinak murriztea eta birziklapenaren zein berrerabileraren printzipioak hedatzea helburu duten hainbat objektu emango zaizkie, besteak beste, edukiontzi bakoitzean zer material utzi behar diren azaltzen duen informazio liburuxka. Karpa horrekin batera, foodtruck batek Bizkaiko produktuak eskainiko ditu ekainaren 22tik hasi eta irailera arte.

Gainera, bilgarrien bilketarekin lotura berezia izango duen beste ekintza bat egingo da udazkenaren hasieran: stand bat instalatuko da Bilboko metroaren geltoki jendetsuenetan eta lurralde osoko Bizkaibus geralekuetan, eta bertan horrelako hondakinen truke kafe bat emango zaio opari jendeari.

Halaber, Garbiker sozietatearen bitartez, Bizkaiko udalentzako hiru sari ezarriko dira. Sari bana emango zaie birziklapen tasarik onena duen udalari, azken urteetan tasa hori gehien hobetu duenari eta bizilagunen artean birziklapena sustatzeko ekimen gehien sustatu duenari. Irauteko bokazioarekin sortu diren sari horiek 2018ko otsailean banatuko dira, behin aurtengo ekitaldiko datuak zenbatu ondoren.

Ekintza horien osagarri, urtean zehar beste batzuk antolatuko dira. Apurka emango dira jakitera, eta denek izango dute helburu bera: hondakin gutxiago sortzen laguntzea eta bizitza baliagarri luzeagoa izan dezaketen hondakinak berrerabiltzea.

BIRZIKLATZEA GORA

Unai Rementeriak adierazi duenez, 2014an behera egin ondoren (%40,82ra jaitsi zen), birziklapen tasa berriro igo da, eta ia hiru puntu egin du gora 2016an, oraindik "hobetzeko tartea" dagoen arren. Gaikako bilketari buruzko datuen arabera, paperaren eta kartoiaren atala da handiena (iaz 76.608 tona paper eta kartoi bildu ziren), eta ondoren beirarena (25.355 tona). Bilgarri arinen kasuan, iaz 15.961 tona bildu eta birziklatu ziren guztira, eta horregatik Bizkaiko Aldundiak "ahalegin berezia" egingo du arlo horretan. Dena dela, frakzio guztietan igo nahi du birziklatze tasa.

Gainerako hondakinen (birziklatzen ez diren hondakinen) atala txikitzen ere ahalegin berezia egingo da, azken lau urteetako joerari eusteko: horrelako hondakinen bilketa 2013an 369.252 tonakoa izatetik 2016an 356.631 tonakoa izatera pasatu da (%3,25 gutxitu da).

Bere hitzaldian, ahaldun nagusiak gogoratu du Bizkaiko biztanleen %100ek dutela gaikako bilketa eskura eta horrek erraztu egiten duela gehiago eta hobeto birziklatzearen helburua. Bizkaiko Aldundiak birziklapen sisteman urtero egiten dituen inbertsio handiei etekina ateratzeko eskatu die herritarrei; aurten ekarpen ekonomiko hori 17,6 milioi eurotik gorakoa da. Inbertsio horiei esker, Bizkaiak hondakinen tratamendurako dituen azpiegiturek hondakinen kudeaketa egokia ahalbidetzen dute eta bilketa sistemaren osagarri dira.