BILBO 23 May. (EUROPA PRESS) -
Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako BiscayTIK Fundazioak Nazio Batuen Erakundeak (NBE) urtero ematen dituen Zerbitzu Publikorako sarietako bat jaso du. Sektore publikoko bikaintasunari ematen zaion nazioarteko aitorpenik garrantzitsuena da, eta zerbitzu publikoko erakundeek mundu guztiko herrialdeetako administrazio publikoen eraginkortasuna hobetzeko egindako sortze-ekimenak saritzen ditu.
Foru erakundeko arduradunek azaldu dutenez, lau hilabetez, mundu osoko hainbat erakunde lehian aritu dira, aitorpen horietako bat lortzeko. Kasu honetan, Europako eta Ipar Amerikako hainbat erakundetako hautagaiekin lehiatu da BiscayTIK, NBEk bost herrialde-multzo nagusi zehazten baititu, garapen-maila ezberdinetako herrialdeen izendapenak berdintze aldera.
BiscayTIK Fundazioaren proiektuak toki eta nazioarteko erakunde askoren laguntza izan du, eta Euskal Udalerrien Elkarteak (Eudel) aurkeztutako hautagaitzari esker sartu da sarietarako lehian. Eudel izan zen BiscayTIKen lana "zerbitzu publikoen prestazioa hobetuz" mailara aurkezteko ekimenaren sustatzailea.
Lehiaren lehen pausoak gainditu ostean, BiscayTIK Fundazioak Ikerketa eta Telekomunikazio Zentroen Iberoamerikako Elkartearen (AHCIET) eta oraintsu bere lanagatik BiscayTIK saritu duen Europako Proiektuen Elkartearen (EPE) laguntza-gutunak aurkeztu zituen, epaimahaiek eskatutako dokumentazioaren barruan.
Duela hamar urte hasita, NBEk urtero gehienez 50 sari eman ohi ditu. Aurtengo edizioan kategoria batzuk eman barik geratu dira eta azkenean 47 izan dira banatutako sariak, bat BiscayTIK Fundazioarentzat, toki administrazioa modernizatzeko eta teknologia berriak herritarrengana hurbiltzeko egindako lanagatik.
Sariak emateko ekitaldia ekainaren 27an izango da, Bahraingo hiriburu Manama hirian, NBEren Zerbitzu Publikoko Forumean, Zerbitzu Publikoaren Egunaren ospakizunaren barruan.