BiscayTIK Fundazioak "udaTIK" udaleku teknologikoa antolatu du bigarren urtez

Actualizado: lunes, 8 junio 2015 13:39

BILBO, 8 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiaren BiscayTIK Fundazioak "udaTIK" udalekuaren bigarren edizioa antolatu du. Teknologian eta informatikan interesa duten gazteentzat izango da, eta aukera emango die programazioan, diseinu grafikoan eta interneten lan egiteko. Gainera, ez da beharrezkoa izango aurreko ezagupenak izatea, foru erakundeak jakinarazi duenez.

   "udaTIK" Getxon egingo da, BiscayTIK Fundazioaren instalazioetan. Bi aste iraungo du, uztailaren 6tik 17ra, eta goizez izango da, 09:30etik 14:00etara. Proposamena haur eta gazteentzat da, zehazki, Bizkaian bizi diren 9 eta 14 urtera bitarteko 30 gazterentzat.

   Ikasleek aplikazio eta jokoak programatzen ikasiko dute udaleku teknologikoan, eta hainbat tresna ezagutuko dituzte: scratch, WiMi5, inkscape eta gimp. Era berean, taldean egingo da lan, sormena sustatzeko; komunikazioa euskaraz izango da, eta tresnak ingelesez egongo dira.

   Teoriatik haratago joateko, WiMi5eko, AVPD Datuak Babesteko Euskal Agentziako eta Athletic Club taldeko ordezkariak bisitatuko dute udalekua, neska-mutilei sektore honetan dituzten esperientzien berri emateko. Beste egun batean, Bake Eder ezagutza zentroko instalazioak bisitatuko dira; zentroan, teknologiako eta zerbitzuetako enpresak daude.

   Plaza eskatzeko udatik@bizkaia.eu helbide elektronikora bidali beharko da izena emateko orri ofiziala, tutoreak sinatua. Eskabide guztiei emango zaie erantzuna, eta errespetatu egingo da orriak aurkezten diren hurrenkera, onartuen kasuan zein itxaron zerrendarako.

   Banaka edo taldeka eman daiteke izena; taldeka emanez gero, beharrezkoa izango da taldeko lehen gaztearen arduradunaren sinadura. Gehienez ere hiru parte hartzaileko taldeak onartuko dira, eta lan saioak 15 pertsonako taldetan egingo dira. Gehienez ere 30 leku daude, eta gutxienez bederatzu leki bete behar dira prestakuntza emateko.