Bisitari kopurua mantendu egin da uztailean Bizkaian eta atzerritarren kopurua %4,4 hazi da

Karrantza
FORU ALDUNDIAK
Actualizado: martes, 22 agosto 2017 18:05

DONOSTIA, 22  (EUROPA PRESS)

Bizkaiak 154.466 bidaiari-sarrera erregistratu ditu 2017ko uztailean. Eustatek argitara eman dituen datuen arabera, hotel-establezimenduetako bidaiari-sarrerek %0,2 egin dute gora Bizkaian, 2016ko uztailarekin alderatuta. Eta nabarmendu behar da %4,4 igo direla atzerriko bidaiarien sarrerak; Estatuko bidaiarien sarrerak, aldiz, %3,3 jaitsi dira.

Bidaiarion jatorriari begiratuta, Frantziatik datozenak dira nagusi (28.754); haren atzetik Estatu Batuak (15.736), Erresuma Batua (14.603) eta Alemania (11.119) daude. Atzerriko turismoaren hobekuntzak sendotu egin ditu Aldundiak, haietan egiten baitu Bilbao-Bizkaia markak sustapenerako ahalegin nagusia.

Bizkaira datozenek lo egiteko aukeratzen duten lekuari dagokionez, azpimarratu behar da gero eta gehiago direla lurraldearen barrualdea hautatzen dutenak; izan ere, %18 hazi da Bizkaiko mendi eta naturatik hurbil lo egitea erabakitzen dutenen kopurua. Arlo horretako hazkundea nabarmena izan bada ere, %6,9 eta %0,8 gutxitu da, hurrenez hurren, kostaldea edo metropoli-eremua aukeratzen dutenen kopurua; Bilbok izandako gorabehera oso txikia da (-%0,1).

Bizkaiko Foru Aldundiko Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendari nagusi Asier Aleak azpimarratu du urtean zehar %7,5 inguru hazi dela bidaiari-sarreren kopurua. Aleak adierazi du 2017. urtean ere oso ona izango dela kuantitatiboki, baina esan du, hala ere, Bizkaiak udatik eta Aste Santutik kanpo ere erakarri nahi dituela turistak: "Urtean zehar bildutako datuek erakusten dute turismoak baduela joera bat urtaroei hain lotuta ez egotekoa; hala, oporretarako ohikoak diren sasoietan ere bisitariak jasotzen ditugu Bizkaian, eta turistak hartu ohi dituzten lekuetatik kanpo gainera".