Bizikidetza, errespetua eta berdintasuna bermatzeko elkarrizketa erabiltzeko eskatu dio Emakundek Hondarribiko Udalari

Actualizado: lunes, 7 septiembre 2015 11:10

DONOSTIA, 7 (EUROPA PRESS)

   Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak dei egin die Hondarribiko (Gipuzkoa) udal ordezkari guztiei elkarrizketa bidea ireki dezaten Alardearen ospakizuna dela-eta "herrian batasuna berreskuratzeko, haustura soziala gainditzeko, eta errespetuan eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean aurrerapausoak emateko".

   Emakunderen iritziz, elkarrizketa "lehen pausoa" da, "ezinbestekoa", elkarbizitza lortzeko, eta gogorarazi du herriaren gehiengoak erakunde publikoei eskatzen diela "jarrera aktibo bat izan dezaten konponbide batera heldu ahal izateko".

   Horrekin batera, Emakundek azpimarratu du gero eta herri gehiago direla herritarren laguntzarekin euren tradizioak egokitu dituztenak emakume eta gizonen berdintasuna bermatzeko, eta dei egin die Hondarribiko Udalari eta bertako biztanleei aurrerapausoa eman dezaten.

   Emakunderen ustetan, "tradizioak herrien giza kohesiorako funtsezko elementuak dira, testuinguru jakin batean sortzen diren tradizioak, baina eboluzionatu egin behar dute garai berrietara egokitzeko". "Honek ez du tradizioen kontra egitea suposatzen, aberastea baizik, emakume eta gizonei eskubide berdinak emanez", gaineratu du.

   Emakundek beste behin bere bermea eskaini dio Hondarribiako Alardean parte hartzen duen Jaizkibel konpainiari, bat egin du emakumeak eta gizonak jaiak berdintasunean ospatzeko egiten duen aldarrikapenarekin, eta herrian asteartean jai giroa eta errespetua nagusia izatea espero du. Izaskun Landaida Hondarribiako Udaletxeko arkupetan izango da asteartean, Ana Alberdi idazkari nagusia lagun duela, Jaizkibeli babesa ematen.

   "Emakundek argi dauka berdintasun arazo baten aurrean gaudela, eta gogoratu nahi du berdintasuna balore soziala eta demokraziaren oinarrizko ardatza dela, eta legeak hala aginduta, erakunde publikoek oztopoak gainditu eta beharrezkoak diren neurriak bultzatzeko obligazioa dutela emakumeek ospakizun honetan parte hartu ahal izan dezaten gizonek dituzten baldintza berberekin. Horretarako ikusten du elkarrizketa, elkarlana eta akordioa direla arazo hau konpontzeko tresnak. Eta hain justu tresna horiek erabiltzen jarraituko ditu Emakundek beste erakunde batzuekin elkarlanean", azaldu du.