Bizikidetza eta bakerako hezkuntza unibertsitatera zabalduko da EAEn

Jarraipen batzordearen bilera
Foto: IREKIA
Actualizado: miércoles, 18 febrero 2015 13:33
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

GASTEIZ, 18 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak lankidetza hitzarmenaren jarraipen batzordearen bilera egin dute asteazken honetan Lehendakaritzan, Gasteizen, eta bizikidetza eta bakerako hezkuntza proiektuak unibertsitatean ezartzeko balizko ekimenak aztertuko dituztela adostu dute.

   Proiektua 2015. urtean zehar landuko da, Eusko Jaurlaritzak eta aipaturiko hiru unibertsitateek 2014ko urtarrilaren 8an sinatu zuten hitzarmenaren esparruan. Era berean, hitzarmena Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaren 11. ekimenaren barruan biltzen da.

   Urte honetan egin beharreko lanaren oinarria hiru unibertsitateen arteko baterako gogoeta izango da, giza eskubideetarako, bakerako eta bizikidetzarako hezkuntzari unibertsitate arloan nola heldu aztertzeko, hain zuzen, derrigorrezko heziketaren barruan egiten den bezala, Adi-adian moduluaren eta Elkarrekin programaren bitartez. Unibertsitateek urte amaieran emango dituzte beren proposamenak.

TXOSTENA

   Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 2014ko lanari buruzko txostena jaso du bileran. Txosten horrek terrorismoaren arloko presoak gizarteratzeko espetxe legediari buruz nazioartean eta Europan adostutako puntuak aztertzen ditu. Lanaren koordinatzaile aritu dira Jon Mirena Landa eta Joxe Ramón Bengoetxea, eta, guztira, Europa mailako beste 13 irakasleren ekarpenak bildu ditu, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez.

   Horrela, "Gizarteratzea eta ETAko presoak: horien egungo egoerari buruzko azterketa juridikoa eta etorkizuneko orientazioak" izenburuko txostenak hainbat ondorio eskaintzen ditu.

   Alde batetik, inongo giza talderentzat ezin dela espetxe politika berezirik egon ondorioztatu du, eta pertsona bakoitzari berea ezarri behar zaiola. Horrez gain, nazioarteko zuzenbidean ez dagoela terrorismoaren aurkako espetxe arloko politika berezi bat legitimatzen duen oinarririk dio.

ESPETXE ZIGORRA

   Halaber, espetxe zigorra hura jaso duen pertsona gizarteratzera bideratu behar dela dio txostenak; aitzitik, Espainiako Estatuan gauzak "oso lausoak" dira terrorismo kasuetan, eta hala, "gizarteratzeko eskubidea ezin da gauzatu gailentzen ari den espetxe arloko giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearen berezko estandarrekin". "Ondorioz, hainbat politika estandar horietatik oso urrun daude; esaterako, presoen sakabanatzea, urruntzea, lehen gradua bloke politika gisa, 40 urteko zigorrak", dio txostenak.

   Bestalde, txostenaren beste ondorio baten arabera, nazioarteko zuzenbideak hainbat puntu -barkamena eskatzea, damutzea edo lankidetza aktiboa- gizarteratze prozesuetako "alderdi positibo" gisa jasotzen ditu, nahiz eta azpimarratzen duen horiek guztiak ez direla bortxaz eta graduaren garapena blokeatzeko mehatxupean gauzatu behar. "Legezko bortxakeriak bergizarteratzea errehabilitazio behartu bihurtzen du eta presoaren oinarrizko eskubideak zapaltzen ditu", dio.

   Azkenik, txostenak dio "ETAko terrorismo delituengatik preso dauden pertsonen pasibotasun juridiko efektiboa dela eta", zuzenbideari ez zaiola hedatzeko eta espetxeko legegintzarekin eta bere aplikazioarekin erkatzeko aukerarik eman. "Preso gehienek aditzera emandako espetxe legeriaren onarpenak etapa berri bat ireki beharko luke, zuzenbidea gatazkak konpontzeko mekanismoa izango den garaia, hain zuzen", dio.