Bizkaia Goazen 2030 ekimenaren helburuen %12 bete dira eta %73 gauzatzen ari dira

Rementeria eta foru gobernuko diputatuak
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 30 enero 2017 12:58

BILBO, 30 (EUROPA PRESS)

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, foru gobernuko diputatuak ondoan zituela, jakinarazi du Bizkaia Goazen 2030 proiektuaren helburuen %12 bete direla, %73 gauzatzen ari direla eta %15 diseinu fasean daudela, egitasmoak urtebete egin duenean. Datu horietan oinarrituta, nabarmendu du egitasmoa "bete-betean" ari dela funtzionatzen, "ziztu bizian", bertan jasotako ekintza guztiak (120) martxan baitaude.

Bizkaia Goazen 2030 ekimenak 2015-2019 aldirako lurraldeak lehentasunezkotzat jotako 120 proiektu ditu. Proiektuok Bizkaiko Aldundiaren eguneroko lana osatzen dute eta lau ardatzetan banatuta daude: jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua; gizarte eta lurralde kohesioa eta aukera berdintasuna; administrazio modernoa eta arduratsua, eta munduarekin lotuta dagoen Bizkaia.

Egitasmoaren egoerari buruzko kontuak eman ditu lehen aldiz ahaldun nagusiak, eta aitortu du "pozik" dagoela, "gizarteari egiten ari garena eta zergatik egiten ari garen azaltzeko konpromiso pertsonala hartu genuelako, eta jendeak eskertu eta baloratu egiten duelako". "Horrek ez du esan nahi herritarrak ados daudenik egiten denarekin, baina ados daude egiteko modu berri honekin, gobernu ireki honekin", gaineratu du.

Horrela, lehenengo ardatzean, hau da, jarduera ekonomiko eta enpleguarenean, enplegu publikoaren barruan, 176 plaza betetzeko deialdia egin da; 207 pertsona laneratu dira zailtasunak dituzten taldeak laneratzeko programei esker; 138 enplegu sortu dira enpresa berritzaileentzako eta mikroenpresentzako Bat eta Mikro funtsen laguntzarekin; 11 enplegu anezka jarri dira martxan eta 210 parte hartzaile daude, eta ETE eta autonomoentzako 380 inbertsio proiektu sustatu dira.

Gizarte eta lurralde kohesioaren eta aukera berdintasunaren ardatzean, Rementeriak bidesariei buruzko politika berriak aipatu ditu alde batetik, eta zenbait obra amaitu direla bestetik, hain zuzen, Gerediaga-Elorrio ardatzekoak, BI-623 errepidekoak (Durangon, BI-631 errepidekoak (Orueta eta Agirleta bitartean) eta BI-2121 errepidekoak Morgan.

Bigarren ardatzean, gainera, Bizkaiko Aldundiak tutoretzapeko 334 adingabe familiatan hartzea ahalbidetu du, egoitza eta eguneko zentro berria zabaldu du Zorrotzan (140 plaza egoitzan eta 30 plaza eguneko zentroan), 1.593 plaza eskaini dira udalekuetan eta euskara ikasteko laguntza ekonomikoak eman dizkiete 1.094 pertsonari.

ADMINISTRAZIO MODERNOA

Bestalde, Durangon herritarrei arreta integrala emateko bulego pilotua ireki izana da administrazio modernoa, hurbila eta arduratsua lortzeko ardatzeko lorpenetako bat. Bi hilabeteko epean, 4.500 pertsonari eman zaie laguntza bulego berrian.

Horrez gain, iruzurraren aurkako planak onartu dira, aldundiaren eta foru sektore publikoaren erakundeen gardentasunaren atari guztiak aktibatu dira eta www.bizkaia.eus web orria eguneratu eta hobetu da.

Azkenik, Bizkaia munduarekin lotzeari dagokionez, Bizkaia nazioarteko foroetan egotea sustatu da (Smithsonian Folklife Festival jaialdian, adibidez); Aldundia Silver Economy Europako saria gidatzen duen taldean sartu da; nazioartean garrantzia duten 12 ekitalditan parte hartu da eta, Bilbo-Bizkaia helmuga turistikoa sustatzeko, zeharkako 68 ekintza egin dira. Gainera, 2016an, 1,3 milioi bisitari izan ziren Bizkaian, eta hamarretik lau atzerrikoak izan ziren.