Bizkaiak lehen aldiz lortu du nazioarteko eta Estatuko turista kopuruen arteko parekotasuna

Actualizado: lunes, 31 agosto 2015 15:15

BILBO, 31 Ago. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiak bere historian lehen aldiz lortu du nazioartetik eta Estatutik etorritako turista kopuruen arteko parekotasuna. Uztaila oso hilabete ona izan da Bizkaiko turismo sektorearentzat, lurralde honek Euskadiko Autonomi Erkidegoko bisitari guztietatik %47,2 jaso duelako, eta horrela euskal turismoaren ardatz nagusi legez finkatu da.

Gainera, aurtengo lehen zazpi hilabeteetan lortutako gehikuntzei esker, Bizkaiko turismoaren historiako bisitari kopururik altuena eta bisitari horiek gure lurraldean gutxienez gau bat egin dutenen kopururik altuena lortu dira (2014ko datuekin konparatuz gero, aurtengo urtarriletik uztailera bitartean, bisitarien kopurua %9,31 hazi da, sarrerei dagokienez, eta %8,6 gure lurraldean gutxienez gau bat eman duten bisitarien kopuruari dagokionez).

Kopuruen igoera nabarmen horren oinarrian nazioarte mailatik etorritako bisitarien gehikuntza ikusgarria dago. Aurtengo uztailean iaz baino %27,5 bisitari gehiago jaso ditugu nazioartetik. Lehen aldiz lortu da ia berdintzea gure lurraldera atzerritik etorritako bisitarien kopurua (%48,8) eta estatutik etorrikoena (%51,2).

Antzeko joera erakutsi dute gure lurraldean gutxienez gau bat eman duten bisitarien kopuruek, nazioarte mailatik etorritakoen artean %48 lortu baita eta %52 estatutik etorritakoen artean.

Uztaileko merkatu igorle nagusiak honako hauek izan dira: Frantzia, Erresuma Batua, Estatu Batuak eta Alemania (kopuru osoaren %51,9). 2014ko uztailetik aurtengora igoera nabarmena izan du, baita ere, Finlandia, Suitza, Herbehereak eta Japonetik etorritako bisitarien kopuruak.

NAZIOARTEKO TURISTAK

Lortutako emaitzek erakusten dute indartu egin behar dela azken urteotan nazioarte mailako merkatuetatik etorritako turista kopuru handiagoak erakartzeko, dibertsifikatu eta finkatzeko abiarazitako estrategian. Bizkaiko batez besteko egonaldiaren iraupenak 2014ko uztailean izandakoari eusten dio, hau da, batez besteko 1,95 egun.

Asier Alea Bizkaiko Foru Aldundiko Kanpo Sustapenerako eta Turismorako zuzendariak nabarmendu du "2015eko lehen zazpi hilabeteetan lortutako emaitza ikusgarri horiek iragartzen dute seguruen aurten Bizkaiak orain arteko errekorra gaindituko duela turismoaren arloan. Gainera azpimarratu du "agente pribatu eta publikoen arteko lankidetza, hau da, Bizkaiko turismoaren arloko eragile eta operadore edo antolatzaileen arteko lana eta Bilbo-Bizkaia estrategia direla sektorearen egungo bilakaera azaltzen duten gakoetako batzuk".

Amaitzeko, Asier Aleak jakinarazi nahi izan du "sektore osoak azken urteotan egindako lana eta ahaleginak eta Bizkaiko Foru Aldundiaren lankidetza eta hurbiltasuna ezinbestekoak direla etorkizunean bide beretik jarraitzeko".