Bizkaiak hiri-hondakinen 13.000 tona gutxiago sortu zituen 2010ean, aurreko urtean baino %2,12 gutxiago

Actualizado: jueves, 3 marzo 2011 18:52

BILBO, 3 Mar. (EUROPA PRESS) -

Hiri-Hondakinen Behatokiak emandako datuen arabera, Bizkaiak hirugarren urtez jarraian murriztu ditu hiri-hondakinak. Joan den ekitaldian zehar, 2009an baino 13.282 tona gutxiago sortu ziren, hau da, %2,12 gutxiago, nahiz eta populazioan 1.066 biztanle gehiago izan, Bizkaiko Foru Aldunditik jakinarazi dutenez.

Halaber, joan den urteko balantzeak %19,1 eta %23,8 bitartean murriztu ditu Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan Integraleko aurreikuspenak, eta %8,6 plan horri 2008an egin zitzaion lehen berrikuspen arruntean ezarri zen proiekzio berria.

Iaz, 532 kilo hiri-hondakin sortu ziren urtean biztanle bakoitzeko, eta, beraz, 1990ko hamarkadako azken urteetako mailaren parean jarri da hondakinen maila. 2009ko datuekin alderatuta, 12 kilo gutxiago izan ziren pertsonako eta urteko.

Frakzioka aztertuta, etxeko hondakinetan nabarmen murriztu dira metalak (6.384 tonatik 4.286 tonara) eta IMEAk (industria, merkataritza eta erakunde hondakin asimilagarriak), lerro zuriko eta lerro marroiko etxetresna elektrikoak (134tonatik 56 tonara) eta nahastura-hondakinak (62.254 tonatik 56.081 tonara).

Birziklatzeari eta gaikako bilketari dagokionez, bere horretan jarraitzen dute aurreko urteetan lortutako indizeek. Hiri-hondakinen birziklapenak eta gaikako zabor bilketak %35ean jarraitzen dute. Etxeko hondakinen kasuan, %24an jarraitzen dute, eta IMEA delakoetan, berriz, gora egin dute puntu bat eta %64ra heldu dira.

Ehunekoei begiratuz gero, berdin mantentzen dira tratamenduei dagozkienak: Bizkaian sortzen den zaborraren %68ri aprobetxamendu materiala (%35) edo energetikoa (%33) ematen zaio. Gainerako %32 besterik ez da botatzen kontrolpeko zabortegietan. Beste alde batetik, hiri-hondakinen 1.500 tona (batez ere, hondakin handiak, arropak eta etxetresna elektrikoak) berriz erabili ziren.

HELBURU BERRIAK

Foru erakundearen arabera, zaborren birziklatze-indizeak etengabe hasi dira azken hamarkadan zehar, eta arlo horretan gorengo mailan dauden europar herrialdeen pareko mailak lortu ditu Bizkaiak. "Lurraldeak dituen bitartekoei begiratuta, gure probintzia aurrendaria da Estatuan, hiri-hondakinen kudeaketan", esan dute Bizkaiko Foru Aldunditik.

Une honetan, tratamendu mekaniko eta biologikorako planta bat eta konpostaje planta bat eraikitzen ari dira, eta instalazio bi horiek abian jartzean, hobekuntza handia lortuko dugu datu orokorretan.

Bizkaiak nahikoa eta gehiago betetzen ditu 1999/31/CE Zuzentarauak 2009ko ezarri zituen helburuak. 2010ean, %36,9 gutxitu du zabortegietan botatzen den materia biodegradagarria, 1996. urtean sortu zenarekin alderatuta. Horrek esan nahi du, Europar Batasunak 2009ko uztailerako ezarri zuen murrizketaz gain (%50), gero eta hurbilago duela zabortegiei buruzko zuzentarauak 2016rako ezarri zuen helburua ere (%35 arteko murrizketa).