Bizkaibusek Aldundiaren irudi korporatibo berrira egokitu du logotipoa

Bizkaibusen logotipo berria
BIZKAIMEDIA
Actualizado: viernes, 15 enero 2016 13:48

BILBO, 15  (EUROPA PRESS)

   Bizkaibusek Bizkaiko Foru Aldundiaren irudi korporatibo berrira egokitu du logotipoa. Aldaketak 109.000 euroko kostua izano du, baina foru arduradunek nabarmendu dute ez duela inolako gehikuntzarik ekarri 2016. urtean Bizkaibus zerbitzurako onetsita zegoen aurrekontu sailean.

   Unai Rementeria ahaldun nagusiak eta Vicente Reyes Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatuak aurkeztu dute ostiral honetan aurrerantzean Bizkaibuseko 334 autobusek erakutsiko duten logotipo berria.

   Rementeriak foru gobernuaren lehen ehun eguneko mugaren ospakizunen barruan iragarri zuen erakundearen irudiaren berriztapenaren ondorioa izan da logotipoaren aldaketa. Ohiko haritz hostoari eutsi zaio, baina diseinu modernoagoa du eta "Bizkaia" hitza gehiago nabarmendu da. Logotiporako erabilitako kolorea zuria da, eta Bizkaibuseko autobusen ohiko kolorea den berdearen gainean ondo moldatu da, autobusen ohiko nortasuna galdu gabe.

   Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko foru diputatuak adierazi duenez, Biskaibuseko autobus guztiek (334 autobus dira) erakutsiko dute logotipo berria; 260 autobusek itsatsita eramango dute eta 74k pintatuta. Itsatsi behar diren biniloak hamar bat eguneko epearen barruan jarriko dira. Gainerakoak, berriz, apurka jarriko dira, pintatzeko prozesua geldoagoa baita.

   Hala eta guztiz ere, diputatuak ziurtatu du aldaketak ez duela "zerbitzuan inolako eragin negatiborik izango". "Lanak egiteko orduan, Bizkaibusek orain arte eskaintzen zuen zerbitzua baldintza berdinetan ematen jarraitzeko berme guztiak jarri dira", azaldu du.

KOSTU GEHIGARRIRIK EZ

   Aldaketak 109.000 euroko kostua du, guztira. Reyesek azpimarratu du gastu horrek ez duela erakarriko "inolako gehikuntzarik" 2016an Bizkaibuserako onetsita zegoen aurrekontu sailean". "Hau da, ez dugu gehiago gastatuko, egiten duguna da zerbitzuaren emakidunekiko hitzarmenetan publizitaterako aurreikusitako diru kopuruaren zati bat ekimen honetara bideratu. Gauza bera egin da beti errotulazioan aldaketaren bat egin den bakoitzean", azaldu du.

   Halaber, gogorarazi du Bizkaibuseko irudi aldaketa bat datorrela une honetan egiten ari diren autobus ibilgailuen aldaketarekin eta zerbitzuan egiten ari diren gainerako aldaketekin. "Urte hasieran, Bizkaibuseko zerbitzuak indartu egin dira, maiztasunak eta ordutegiak, eta geraleku eta ibilbide berriak sortu dira, baita linea berri bat ere, Bilbotik Barakaldorako A3137, hain zuzen ere", adierazi du.

   "Nahi dugun Bizkaia abian irudikatzen du Bizkaibusek. Gure foru erakundean etapa berri honi heltzen diogun modernitate eta kalitatezko bultzada ordezkatzen du. Gaur egun daukagun erakunde egonkortasunak etorkizuneko erronkei berme guztiekin heldu ahal izateko eta etorkizun hobeago baterako oinarriak ezartzeko aukera ematen digu. Bertara igotzera gonbidatzen zaituztegu", esan du.