Bizkaiko 2013rako Aurrekontuak onartu dira PPren abstentzioari esker

Osoko bilkuran onartu dira Aurrekontuak
BIZKAIKO BATZAR NAGUSIAK
Actualizado: jueves, 7 febrero 2013 14:18

BILBO, 7 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko 2013. urterako Aurrekontuak onartu dituzte ostegun honetan Batzar Nagusiek, Gernikan, EAJrekin aurrekontu-akordioa lortu ondoren PPk emandako abstentzioari esker.

Gernikako Batzar-etxean egin den osoko bilkura goizeko 11:00etan hasi da, Bilduk eta PSE-EEk bilkura honetarako gorde zituzten zuzenketa partzialen aurrean talde bakoitzak zuen jarrera defendatzeko txandekin.

Guztira bederatzi bozketa egin dira, Bizkaiko Foru Aldundiaren sail bakoitzeko bana eta kontu publikoen Testu Artikulatua berresteko beste bat. Bozketa guztietan baiezkoa irten da, EAJren aldeko 21 botoekin eta PPren zortzi abstentzioekin; PSE-EEk eta Bilduk kontra bozkatu dute.

Bizkaiko 2013rako Aurrekontuetan, Foru Aldundiko sailek 1.040,7 milioi euro erabilgarri izango dituzte, hau da, 2012an baino %10,3 gutxiago. Diputazioaren aurrekontu osoa 6.578 milioi eurokoa izango da, hots, iaz baino %4,3 gutxiago. Aldundiak 136,2 milioi euroko zorrak egingo ditu eta zenbateko bera amortizatuko da; hori dela eta, zor bizia ez da handituko.