Bizkaiko 37 udalerrik parte hartu dute Batxilergoan eta LHn euskaraz ikasten jarraitzera animatzen duen kanpainan

Kanpainaren kartela
WWW.NAHIDUDALAKO.COM
Actualizado: miércoles, 23 febrero 2011 18:10

BILBO, 23 Feb. (EUROPA PRESS) -

Urtez urte, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako (LH) matrikulazio garaia heldu baino lehen, Bizkaiko hainbat udalerrik informazioa banatzen diete Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasketak euskaraz ikasi duten gazteei, Batxilergoa eta LHn euskaraz egin ahal dituzten eta zein herritan burutu ahal dituzten ikasketak adierazteko. "Nahi dudalako!" kanpainaren oinarria www.nahidudalako.com webgunea da eta gazteak web-orri horretara bideratzeko 6.400 eskuorri banatuko dituzte Bizkaiko 37 udalerritan.

Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilguneak koordinatu duen proiektu honetan Bizkaiko 16 udalerrik eta hiru mankomunitatek parte hartu dute, eta 15 eta 16 urteko gazteen artean banatuko da webgunera bideratzen duen eskuorria.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailan ari diren gazteei Batxilergoa eta Lanbide Heziketako ikasketak euskaraz jarraitzeko informazioa ematea da kanpainaren helburua. Informazio hori www.nahidudalako.com webgunean dute ikusgai.

Esan bezala, Bizkaiko 16 udal eta hiru mankomunitate dira parte-hartzaileak. Guztira, tokiko 37 erakunde: Abanto-Zierbena, Arrigorriaga, Balmaseda, Berango, Bilbo, Elorrio, Enkarterriko Mankomunitatea, Erandio, Etxebarri, Getxo, Gordexola, Laukiz, Maruri-Jatabe, Muskiz, Ortuella, Sestao, Txorierriko Mankomunitatea, Uribe Kostako Mankomunitatea eta Zierbena.

Kanpainaren berri emateko eskuorria banatuko da DBHko 3. eta 4. mailetako gazteen artean. Eskuorri horrek gazteak www.nahidudalako.com webgunera bideratuko ditu, hori baita kanpaina honen ardatz nagusia. Bertan, gazteek Batxilergoa zein Lanbide Heziketa euskaraz egiteko duten eskaintzaren berri zehatza jaso ahal izango dute.

BERRIKUNTZAK

Webguneak berrikuntzak izan ditu aurten. "Bilatzailea" dago alde batetik, ikasketak edo ikasketa horiek eskaintzen dituzten ikastetxeak bilatzeko, hau da, mapan bilatu ezin dena, bilatzailetik bilatu ahal izango da.

Bestetik, "Testigantzak" izeneko atal berria ere badago, hau da, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa euskaraz ikasi duten zenbait gazteren esperientziak agertzen dira DBH3 eta DBH4 mailetako ikasleak euskaraz ikasten jarraitzera animatuz.

Webgunera sartzeagatik gazteek sariak ere eskuratu ahal izango dituzte inkesta bat bete eta gero. Horretarako irabazleak kanpainan parte hartu duten udalerrietan erroldatuta eta udalerri horrek eskuorria banatu duen maila berekoa izan beharko dira.

Aipatu bezala, egitasmoaren hartzaileak kanpainan parte hartu duten udalerrietako DBH3 edota DBH4 ikasten ari diren gazteak dira. Hala ere, aipatutako udalerri guztiek ez dute eskuorria bi mailetan banatuko.