Bizkaiko 39 udalerrik D ereduaren aldeko informazio kanpaina zabalduko dute

Actualizado: martes, 19 enero 2016 11:45

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiak azken zazpi urteetan babestu duen "D bitamina, Aberastu bere heziketa!" egitasmoa zabalduko da beste behin lurraldeko 24 udalerritan eta bi mankomunitatetan, Alkarbide euskara teknikarien bilguneak koordinatuta.

   Zehazki, Abanto Zierbena, Arrieta, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Berriz, Bilbao, Enkarterriko Mankomunitatea, Erandio, Ermua, Etxebarri, Fruiz, Gatika, Gordexola, Laukiz, Leioa, Maruri-Jatabe, Mungia, Ortuella, Santurtzi, Sestao, Txorierriko Mankomunitatea, Urduña, Zaldibar eta Zierbena dira kanpainarekin bat egin duten udalerri eta mankomunitateak.

   Udalerri eta mankomunitateetatik une desberdinetan banatuko da informazio kanpaina, betiere 2-3 urteko umeen eskolatze aldia hasi baino lehenago, gurasoek bidalitako informazioaren inguruan hausnarketa egiteko astia izan dezaten, foru erakundeak jakinarazi duenez.

   Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin Alkarbidek koordinatu duen ekimen honetan, liburuxkak banatuko zaizkie kanpainan parte hartuko duten udalerrietako 2-3 urteko umeak dituzten 7.000 gurasori. Halaber, kanpainari buruzko iritzia jasotzeko inkesta bidaliko zaie hartzaileei; horren bidez, kanpainari buruzko iritzia emateaz gain, gurasoek kezkak eta zalantzak ere helarazi ahal izango dizkiete euskara zerbitzuetako arduradunei eta inkesta betetzen duten guztien artean euskarazko produktuen sorta zozkatuko da.

   Umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea dira kanpainaren helburuak.

   Kanpainaren osagarri nagusiak bost dira: udaleko ordezkariren batek sinatutako gutuna, euskarazko ereduetan ikasteak dakartzan abantailen berri ematen duena; gurasoek kanpainari buruz duten iritzia eta gaiaren inguruan dituzten kezkak eta zalantzak jaso ahal izateko inkesta; D eredua aukeratzeko arrazoiak azaltzen dituen triptikoa; eskolan hasiko diren neska-mutilentzako oparia (kanpainaren leloa idatzita duen neurgailua); eta kanpainako euskarri guztiak sartzeko gutunazala.