Bizkaiko 43 udalerrik parte hartu dute 2011-2012ko aurrematrikulazio kanpainan, D ereduaz informatuz

Actualizado: lunes, 31 enero 2011 13:02

BILBO, 31 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko 43 udalerrik parte hartu dute 2011-2012 ikasturteko aurrematrikulazio kanpainan, umeak lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoen artean D ereduari buruzko informazioa banatuz. Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilguneak koordinatuta, umeen gurasoengana heldu nahi da kanpaina honen bidez.

Iaz, "D bitamina, aberastu bere heziketa!" egitasmoa Bizkaiko hainbat udalerritan garatu zen, eta lorturiko arrakasta neurtu ostean, aurten ere kanpaina bera egitea erabaki da.

Egitasmoa Bizkaiko 22 udalerri eta hiru mankomunitateren ekimen bateratua da eta informazio-kanpaina urte hasieran zabaldu da, 2-3 urteko umeen eskolatze-aldia baino zertxobait lehenago, gurasoek bidalitako informazioaren inguruan hausnarketa egiteko astia izan dezaten. Alkarbidek koordinatu duen ekimen honetan guztira 7.400 liburuxka inguru banatu dira kanpainan parte hartu duten udalerrietan.

Umeak eskolan lehen aldiz matrikulatzen dituzten gurasoei D ereduari buruzko informazioa ematea eta eredu hori aukeratzeko arrazoiak azpimarratzea da kanpainaren helburu nagusia.

Parte-hartzaileak Bizkaiko 22 udal eta hiru mankomunitate dira:

Abanto-Zierbena, Arrieta, Arrigorriaga, Balmaseda, Berango, Berriz, Bilbo, Erandio, Etxebarri, Fruiz, Gamiz-Fika, Gatika, Gordexola, Laukiz, Leioa, Maruri-Jatabe, Mungia, Muskiz, Ortuella, Urduña, Zaldibar eta Zierbena udalerriak, eta Enkarterriko, Txorierriko eta Uribe Kostako mankomunitateak.

Kanpainaren osagarri nagusiak hiru dira: batetik, udaleko ordezkariren batek (alkateak edo euskara zinegotziak) sinatutako gutuna, euskarazko ereduetan ikasteak dakartzan abantailen berri ematen duena; bestetik, gutuna bidaltzeko gutunazala, eta gutunazalaren barruko aldean agertzen dira D eredua aukeratzeko arrazoiak; azkenik, eskolan hasiko diren neska-mutilentzako oparia (kanpainaren goiburua idatzita duen neurgailua). Gutxi gorabehera, kanpainaren sustatzaile diren udalerrietan bizi eta 2-3 urteko umeak dituzten 7.400 familia izan dira kanpainaren hartzaileak.