Bizkaiko ahaldun nagusiak "Bizkaiaren enbaxadore" izateko eskatu die lurraldean akreditatutako kontsulei

Actualizado: lunes, 30 noviembre 2015 16:54

BILBO, 30 Nov. (EUROPA PRESS) -

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak harrera egin die astelehen honetan lurraldean akreditatuta dauden 50 bat kontsulei, erakunde arteko harremanak sendotzeko asmoz urtero sasoi honetan egiten den bileran, eta "Bizkaiaren enbaxadore" izateko eskatu die.

"Zuen laguntzaren beharra dugu Bizkaia mundu mapan kokatzeko. Eta horregatik eskatu nahi dizuet zuen herrialdeen enbaxadore ez ezik Bizkaiarenak ere izateko. Erakunde, finantza eta ekonomia egonkorrak dituen lurraldea delako eta bizi kalitatea eskaintzen duelako. Gauzak ondo egiten dituen baina are hobeto egin ditzakeen lurraldea", esan du.

Gainera, Bizkaia munduarekin eta aukera guneekin lotzeko beharra nabarmendu du Rementeriak. "Horrela, hemen ditugun gauza onak erakutsi nahi ditugu eta zuek han dituzuenetik ikasi, aukera berriak eta merkatu berriak bilatzeko eta hobera egiteko", azpimarratu du.

Rementeriak nabarmendu du foru gobernuaren Kanpo Ekintzako Saila zeharkako arloa dela eta bertan lan ildoak jorratzen ari direla kanporako bokaziorik handiena beti izan duten esparruetan, funtsean ekonomia eta enpresarenean, baina lan egiten ari dela baita beste arlo batzuk kanpora zabaltzeko ere, hala nola kultura, gizarte politika edo ingurumena.