Bizkaiko Aldundiak 1.090.000 euro erabiliko ditu bosgarren edukiontzia udalerrietan jartzen laguntzeko

Actualizado: martes, 22 diciembre 2015 16:26

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak etxeko hondakin organikoak biltzeko edukiontzia (bosgarren edukiontzia) udalerrietan ezartzeko diru laguntzak arautzen dituen dekretua onartu du astearte honetan. Guztira, 1.090.000 euro banatuko ditu foru erakundeak, bi helbururekin: batetik, edukiontziak, konposterako poltsak, etxeko ontziak, giltzak, autokonpostagailuak eta birringailuak erostea (580.000 euro), eta, bestetik, herritarrei gai honen bilketari buruzko informazioa emateko kanpainak egitea (510.000 euro).

   Foru erakundeko arduradunen arabera, diru laguntzon helburu nagusia da Bizkaiko Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Integralean (2005-2016) ezarritako erronkan aurrera egitea, hau da, 2016rako ez egotea lehen mailako hondakinik edo hondakin gordinik.

   Bizkaiko udal eta mankomunitateei bosgarren edukiontzia erabil dezaten animatzeko eta laguntzeko, Aldundiak laguntzen lerro hau ezarri zuen 2012an, eta 2014an beste erakunde batzuei zabaldu zien laguntzok jasotzeko aukera, hain zuzen, %100eko udal titulartasunekoak izanik Bizkaiko hiri hondakinen garraio eta bilketan eskumena dutenei.

   Deialdi honetan, gehienez, 50.000 euro emango dira edukiontziak eta konpost egiteko beharrezko elementuak erosteko, eta, 25.000 euro, herritarrei informazioa emateko planerako; hori guztia, 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerrietarako izango da. 20.000 biztanletik gorako udalerrien kasuan, berriz, 80.000 euro emango dira, gehienez, laguntzak edukiontzak erosteko, eta, 60.000 euro informazio kanpainetarako. Laguntzak eskatzeko azken eguna 2016ko martxoaren 30a da.