Bizkaiko Aldundiak 1,8 milioi euro erabiliko ditu nekazaritzako egiturazko laguntzetan

Nekazaritzarako egiturazko diru laguntzak iragarri ditu Bizkaiko Aldundiak
Foto: Europa Press
Actualizado: martes, 17 marzo 2015 14:18

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiak %8 gehitu ditu nekazaritza sektorerako egiturazko laguntzak eta, guztira, 1.847.000 euro banatuko ditu. Diru laguntza hauek arautzen dituen dekretua astearte honetan onartu da Gobernu Kontseiluaren bileran, foru erakundeko arduradunek jakinarazi dutenez.

   Horrela, laguntzak erabili beharko dira baserritarrei mendi nekazaritzako aldeetan edo alde behartsuetan jardutegatik dituzten zailtasun naturalak konpentsatzeko; nekazaritzako ustiategietarako aholkularitza zerbitzuak erabiltzeko; oporrak, gaixotasuna, amatasuna edo aitatasuna direla-eta ustiapenetan ordezkapen zerbitzuak ezartzeko; eta nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako aseguru hobariak zati batean finantzatzeko. Gainera, diru laguntzetarako eskaerak eskabide bakarrean aurkeztu ahal izango dira, eskualdeko nekazaritza bulegoetan izapidetzeko.

   Laguntza ildo hauen artean, foru erakundeak azpimarratu du 2.772 eurora arte gehitu dela esnetarako behi aziendaren ustiategi bakoitzeko amatasuna edo aitatasuna dela-eta gehienez lagundu daitekeen zenbatekoa. Nekazaritzako aseguru konbinatuei dagokienez, nekazaritza aseguruen estatuko erakundeak diruz laguntzen duen zenbatekoaren %27tik %40ra gehitu da laguntza hauen bidez estaltzen den abeltzaintza ildoen aseguruaren prezioa.

   Aurreko urteetan bezala, laguntzen zenbatekoaren zati gehiena (1.542.000 euro) baserritarrei mendi nekazaritzako aldeetan edo alde behartsuetan jardutegatik dituzten zailtasun naturalak konpentsatzeko da, egoera hori Bizkaiko lurralde gehienean gertatzen baita.