Bizkaiko Aldundiak 367.500 euro banatuko ditu gazteek nekazaritza ustiapenak martxan jartzeko

Actualizado: martes, 26 septiembre 2017 18:10

BILBO, 26 Sep. (EUROPA PRESS) -

Gazte nekazariek enpresak sortu ahal izateko bigarren laguntzen deialdia onartu du astearte honetan Bizkaiko Foru Aldundiak, eta guztira 367.500 euro banatuko ditu lehiaketa araubidean. Diru laguntzen helburua da gazteen hasierako ezarpena egiten laguntzea eta ustiapen egiturak egokitzea. Aldi berean, sektoreko belaunaldi aldaketa eta landa eremuen toki garapena sustatzea erraztu nahi da, dibertsifikazioa, enpresen sorrera eta garapena eta enpleguaren sorrera sustatuz.

Elena Unzueta foru erakundeko bozeramaileak jakinarazi duenez, 18 eta 41 urte arteko pertsonek eskuratu ahalko dituzte laguntzak, baina laguntza eskatu aurretiko 24 hilabeteetan ustiapen baten titular izan direla egiaztatu behar dute, eta aurreikusita dagoen enpresa plana abian jarri gabe.

Proiektuak hautatzeko hainbat gai kontuan hartu beharko dira, besteak beste, gazteak garatu nahi duen ekoizpen eredua. Honako eredu hauek lehenetsiko dira: ziurtatutako ekoizpen ekologikoa; ekoizpen integratua edo ziurtatutako kalitate programak; ustiapenean eraldatzeko nekazaritza ekoizpena (ekoizpenaren %50 gutxienez); zirkuitu laburren bidez merkaturatzeko nekazaritza ekoizpena (ekoizpenaren %50 gutxienez); ekoizleen kooperatiba baten bidez edo EAEk ofizialki onartutako ekoizle talde baten bidez edo merkaturatzeari lotutako eraldaketarako nekazaritza sozietate baten bidez merkaturatzeko nekazaritza ekoizpena.

Bigarren deialdi hau soberazko kredituekin egin da, eta kreditu horiek sortu dira laguntza horien lehenengo deialdian uko egindakoetatik edo Landa Garapeneko Foru Zerbitzuak eskatutako eta onartutakoak baino inbertsio txikiagoetan egikaritu direnetatik. Horrenbestez, pertsona gehiagorengana heltzea lortzen da eta Gazteneken Batzordearen onespena zuten eskaerei erantzun ahal zaie, aurrekonturik ez izatean lehenengo deialdian erantzun gabe geratu zirenak.