Bizkaiko Aldundiak 45 ekimen antolatuko ditu 2017an Foru Liburutegian

Lorea Bilbao (ezkerrean) eta Montserrat Petralanda, gidarekin
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 1 marzo 2017 14:10

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Aldundiaren Foru Liburutegiak programazio kultural "anitza eta parte hartzailea" prestatu du 2017. urterako, eta publiko guztiari zuzendutako 45 jarduera eskainiko ditu, besteak beste, bost erakusketa, bederatzi literatura topaketa, 11 ikastaro eta tailer, euskaraz eta gaztelaniaz irakurtzeko bina talde, hiru jardunaldi eta zineforum bat.

Aurtengo egitarauaren zehaztasun guztiak Lorea Bilbao Euskara eta Kulturako diputatuak eta Montserrat Petralanda Argitalpenen eta Kultura Jardueren ataleko buruak asteazken honetan aurkeztu duten agenda kulturalean jaso dira.

Martxoan hasiko dira Foru Liburutegiaren erakusketak, Areto Nagusian ikusgai izango den "Paperezko trailerrak. Eskuko programak Bilboko zinema aretoetan" erakusketarekin. Ekainean Foru Liburutegiaren funtsei buruzko erakusketak hartko dio lekukoa, eta irailean "Euskal komikia 1975etik 2016ra" izango da ikusgai. Urrian, Ondareari buruzko Europako Jardunaldien baitan, "Bizkaiko paisaien eraikuntza" erakusketak beteko du aretoa. Azkenik, urtea bukatzeko, euskal mitologiari buruzko erakusketa bat eskainiko da.

Gazteei eta haurrei zuzendutako ekimenak ere izango dira egitarauan. Hirugarren urtez jarraian BizkaIdatz Txikia literatura lehiaketa egingo da, baita helduei zuzendutako BizkaIdatz lehiaketaren bederatzigarren edizioa ere. Horien bidez, Bizkaiko Aldundiak sormen literarioa sustatzea du helburu. 2016an 194 haurrek aurkeztu zituzten euren lanak; aurten, aldiz, 261 haurrek parte hartu dute.

Halaber, 2017an zehar jardunaldiak, tailerrak, ikastaroak eta beste jarduera batzuk egingo dira bizkaitarren artean irakurketa eta idazketa sustatzeko. Foru liburutegiak 90 ordu eskainiko ditu tailerretan eta ikastaroetan eta 320 plaza izango dira horietan parte hartzeko.

LITERATURA TOPAKETAK

Bestalde, Foru Liburutegiak bederatzi literatura topaketa izango ditu aurten. Horietako bost euskaraz izango dira, eta Goizalde Landabasok, Iban Zalduak, Leire Bilbaok, Kirmen Uribek eta Jabier Kaltzakortak parte hartuko dute. Gainerakoak gaztelaniaz egingo dira, Ivan Repila, Alex Oviedo, Izaskun Gracia eta Esther Zorrozuarekin. Berrikuntza gisa, literatura topaketetan parte hartu duten idazleen hitzaldiekin liburu bat argitaratuko da.

Bestalde, Liburutekia jardunaldiek, "Zentzumenetarako irakurketa" lelopean, adierazpen artistikoaren beste forma batzuk aurkeztuko dituzte, irakurketa ardatz hartuta: irakurketa marraztua (Yolanda Arrieta, Jon Gómez eta Adur Larrea) eta keinu hizkuntzaren bidez artistikoki interpretatutako irakurketa (Yannick Vergara eta Rakel Rodriguez).

Azkenik, agenda kulturalak hainbat jarduera osagarri barne hartuko ditu, besteak beste, ate irekien jardunaldiak (urrian), bookcrossing (apirilean) eta parte hartze handia izan ohi duen haurrentzako udako liburutegia (uztailean). Foru Liburutegira sartzeko, NANa, pasaportea edo liburutegiko txartela aurkeztu behar da.