Bizkaiko Aldundiak 4,8 milioi euro bideratuko ditu enpresen lehiakortsunerako 3i programara

Imanol Pradales
BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: martes, 31 enero 2017 14:43

BILBO, 31 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak 3i programaren deialdi berri bat egin du, laguntza integrala emateko berrikuntzarako, nazioartekotzerako eta inbertsiorako, eta eskaerak aurkezteko epea otsailaren 6tik 24ra izango da. Aurreko urtean izandako eskaera handia eta aurkeztutako proiektuen kalitate handia ikusita, Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak 4,8 milioi eurora arte handitu du programaren aurrekontuko zuzkidura, hau da, 2016ko aurrekontua baino %128 gehiago.

Aurreko urtean, Bizkaiko ETEek aurkeztutako 52 eskaeretatik 12 proiektuk jaso zuten laguntza. Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak azaldu duenez, deialdi berrian aurreko urtean izandako eskaera handia eta aurkeztutako proiektuen potentzial handia hartu dira kontuan, eta, horregatik, ahalik eta eskaera gehienek laguntza jasotzea lortu nahi da. Izan ere, diputatuaren hitzetan, Aldundiak uste du programa hau "giltzarri" izan daitekeela, modu garrantzitsuan, enpresen bidez Bizkaiaren garapenari laguntzeko, aldi berean lehiakortasunaren hiru palankei eragiten baitie.

Pradalesek azaldu du "zorrotza eta selektiboa" izateko diseinatu dela 3i programa. Horrela, bada, programa bereziki zuzentzen zaie tamaina ertaineko enpresei, "enpresa horiek gehienetan gure enpresa ezagunenak ez diren arren, baldintzak dauzkatelako gure ekoizpen ehuneko txapeldun ezkutu bilakatzeko". Hobi merkatuetan modu globalean lehiatzen diren oso espezializazio handiko ETEak izango da laguntzen xede, beraz.

Foru diputatuak azpimarratu duenez, Bizkaiko ekoizpen ehunaren etorkizunerako oso garrantzitsua da halako enpresak ere badaudela konturatzea eta ezagutzea zer plan duten inbertitzeko, hazteko eta enplegua sortzeko. "Gure ekonomiaren etorkizuneko motorra halako enpresak izango dira", ziurtatu du.

3i programak Europako Batzordearen 651/2014 Araudia du oinarri, eta, hori oinarritzat harturik, enpresa bakoitzeko 500.000 eurora arteko laguntzak eman ditzake, itzuli beharrik gabekoak. 10 eta 249 arteko langileak dituzte enpresa txiki eta ertainentzako programa da, baldin eta haien jarduera nagusia industria, eraikuntza, garraioak, industriari lotutako zerbitzuak edo handizkako merkataritza bada.

Laguntzok arautzen dituen dekretuak zehazten du berrikuntza teknologikoko proiektuen bidez enpresaren lehiatzeko gaitasuna hobetzera bideratuta dauden jarduketen artetik argi eta garbi estrategikoak direnak diruz lagunduko direla, bai eta haiei loturiko inbertsioak eta inpaktu handia duten nazioartekotzerako jarduketak ere.