Bizkaiko Aldundiak 70 milioi euro inbertituko ditu aurten gazteentzako 137 proiektu garatzeko

Rementeria eta gazteen bi lantaldeak
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: martes, 28 marzo 2017 14:30

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak iragarri du foru erakundeak "Bizkaia Goazen Gazteak" programa abiaraziko duela aurten. Aldundiaren sailek bultzatuko dituzten 137 proiektu izango dira, eta guztira 69,6 milioi euroko inbertsioa ekarriko dute.

"137 proiektuek hiru bertute partekatzen dituzte: aukera berdintasuna, pertsona eta udalerri guztiak berdinak dira; Europako politikekin bat egiten duten proiektuak izatea eta munduari lotuta egotea; eta, garrantzitsuena, guzti-guztion artean diseinatutako proiektuak izatea, hau da, aldundiaren eta gazteen artean, baina baita sektore publikoaren laguntzarekin ere", azpimarratu du Rementeriak.

Gazteen Urterako aurreikusitako proiektuak sei eremuren arabera egituratuko dira, aukerak sortzea bilatzen dutenak, gazteei prestatzen, lan egiten, parte hartzen, laguntzen, munduarekin konektatzen eta gozatzen lagundu ahal izateko.

"Lehentasun bat partekatzen dugu: enplegua. Eta horretarako, prestakuntza da gure aliaturik onena. Hori dela eta, ahalegin guztia egingo dugu prestakuntza eta enplegua lantzeko. Laster, 40 gazteri zuzendutako enplegu anezka bat jarriko dugu martxan. Prestakuntzari dagokionez, berriz, dagoeneko eskaintzeko ditugun ia 200 bekak eta milioi bat euroko zenbatekoa osatu nahi ditugu", adierazi du.

Gauzak horrela, enpleguaren ardatzean, gazteentzako bi anezka jarriko dira abian urrian: bat Bilbo eta Eskuinalderako, eta bestea Ezkerraldea eta Meatzalderako. Gainera, jarduketa zehatzak babestuko dira, hala nola autoenplegua, ekintzailetza, mikroenpresak eta iraupen luzeko gazte langabeak edo gizartean baztertuta dauden gazteak kontratatzeko diru laguntzak.

Prestakuntzari begira, praktika akademikoak egiteko 100 plaza eskainiko dira, bai aldundian eta egoitzetan, bai foru zentroetan. Bestalde, ikasle eta graduatutako gazteentzako bekak eskainiko dira nazioartean erreferentzia diren zentroetan eta espezializazio ikasgeletan.

Parte hartzeari dagokionez, gazteek ere politika publikoetan parte hartzea da xede nagusia. Rementeriak bereziki nabarmendu du Bizkaiko Aldundia egiten ari den ahalegina, ez bakarrik gazteentzako gauzak egiteari dagokionez, baita gauzak gazteekin egiteari dagokionez ere. Hiru jarduketa zehatz azpimarratu ditu: bi work cafe eta gazteei zuzendutako jai bat.

Laguntzaren ardatzean, babes gabeko egoeran dauden adingabeak, nerabeak eta etorkin gazteak egoitzetan hartzeko ekimenak sartzen dira, baita Errenta aitorpeneko kenkari bereziak ere, etxebizitza eskuratzeko. Horrez gain, kultur arteko integrazioa eta balioak lantzen dituzten proiektuetarako diru laguntzak sartzen dira, eta gizarte bazterketa egoeran dauden pertsona eta familia gazteen gizarteratzearen eta laneratzearen babesa.

Munduarekin konektatzeari dagokionez, Bizkaiko Aldundiak kultur arteko elkarrizketa mesedetu eta euskararen erabilera sustatu nahi du gazteen artean. Aisiaren ardatzean, berriz, gazteen ongizatea eta bizi kalitatea hobetu nahi dira, kirola eta portaera osasuntsuak sustatuz, besteak beste.

SAREGILEAK

Gazteen Urtea aurkeztean, Unai Rementeria bi gazte talde izan ditu ondoan. Dagoeneko abian diren ekimen bana aurkeztu dute: saregileen figura eta Bizkaia Gazte Txartelaren diseinuan lan egiten ari den gazte taldea.

Saregileak bi gazte dira, Estibaliz eta Endika, gazte jendea egoten edo biltzen den lekuetara joango direnak; hau da, eremuko eragile bi dira, Bizkaiko eskualdeetan zehar ibiliko direnak, Bizkaiko Gazteen Urtea agerian jarriz, dinamizatuz eta gizarteratuz gazteentzat esanguratsuak diren espazioetan.

Bizkaia Gazte Txartelari dagokionez, hura diseinatzeko lanean ari da lurraldeko zazpi talentu gazteko lantalde bat, diziplina askotakoa. Haren lana gazteak beraiei zuzendutako zerbitzu eta proiektuekin konektatzeko tresna bat sortzea da. Lantalde hau gazteen eskaera garrantzitsuenak eta konponbiderik onenak zeintzuk diren aztertzen ari da. Are gehiago, lantaldeak aurreratu du balitekeela behin betiko konponbidea ez izatea txartel bat. Xehetasunak uda baino lehen jakitea aurreikusten dugu.