Bizkaiko Aldundiak bildutako jostailu erabilien kopurua bikoiztu egin da azken urtean

Kooperaren edukiontzietako bat
Foto: BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 19 febrero 2014 14:07

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak 2013. urtean kudeatu zituen jostailu erabilien kopurua aurreko urtekoa baino %93,6 handiagoa izan zen. Hain zuzen ere, iaz 107.006 kilogramo jostailu bildu ziren, 2012an 55.267 kilo izan ziren bitartean.

   Hondakinen gaikako bilketaren arloko ekimen horrek urtebete darama ezarrita. Koopera gizarte sareko Rezikleta erakundearen laguntzaz gauzatzen ari da.

   Unitateen kopuruari dagokionez, joan den urtean 134.676 jostailu gehiago bildu ziren berriro erabiltzeko, birziklatzeko edo berreskuratzeko (484.739 jostailu 2013an eta 250.360 jostailu 2012an).

   Bizkaiko Foru Aldundiko iturriek jakinarazi dutenez, 2013an bildutako 107.006 kilogramo jostailuetatik %61 berreskuratu ahal izan ziren, %29 berriro erabili, eta %32 birziklatu.

   Mota honetako hondakinen bilketa nabarmen hazten da Gabon inguruko sasoietan. Horrela, adibide moduan, joan den abenduan zenbatu zen kopurua 2013. urte osoan bildutako guztiaren %21 izan zen.

   Foru erakundearen arabera, jostailu erabilien bilketaren gehikuntzak "zerikusi zuzena" du Bizkaiko udalerrietan berrerabiltzeko edukiontzi gehiago jarri izanarekin. Ildo horretan, oraindik askoz gehiago hazi ahal izango da bilketa, gaur egun horrelako edukiontzirik ez duten udalerrietan, esaterako Bilbon edo Barakaldon, edukiontziak jarri ahala.