Bizkaiko Aldundiak eta BBK-k Guggenheim Bilbao Museoaren 20. urteurrenean lagunduko dute

Vidarte, Rementeria eta Sagredo
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 23 febrero 2017 14:19

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Xabier Sagredo BBKren presidenteak eta Juan Ignacio Vidarte Guggenheim Bilbao Museoaren zuzendari nagusiak hiru erakundeen arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute ostegun honetan, museoaren 20. urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi eta jarduera gauzatu ahal izateko.

Horrela, foru erakundeak eta BBK-k "modu aktiboan parte hartuko dute inguruko arte eta kultura komunitatearekin harremana estutuko duten jardueretan, euskal kultur ehuna pizteko asmoz. Hain zuzen, Bizkaiko Aldundiak eta BBK-k nork bere ekarpen ekonomikoa egingo du: museoak 200.000 euro jasoko ditu foru erakundetik eta 100.000 euro BBKren aldetik.

Dagoeneko martxan dauden proiektuetan erabiliko da ekarpen ekonomikoa: hiru egitasmok Bizkaiko Aldundiaren eta BBKren laguntza dute, eta beste batek BBKren bakarrik.

Alde batetik, TopARTE Euskadiko kultur eragile eta erakundeei zuzendutako lankidetza proiektua da, eta horren bitartez, museoak hainbat gune dohainik erabiltzeko aukera eskaintzen du jarduerak antolatzeko. Hiru helburu ditu: inguruko kultura eragileak bateratzea; garatzen diren proposamen eta proiektuen aberastasun eta aniztasuna transmititzea; ikusleei askotariko programa bat eskaintzea, hainbat diziplina hartuko dituena: musika, zinema, bideoa, dantza, performancea, antzerkia eta gastronomia.

Bestalde, Eginberri euskal artista eta sortzaile gazteei zuzendutako deialdi irekia da (dagoeneko parte hartzeko epea amaitu da). Parte hartzaileek arte plastikoetako (pintura, eskultura, instalazioa, bideoa eta abar) eta performanceko (arte efimeroa, dantza garaikidea eta abar) edozein diziplina jorratu dezakete, eta jadanik hautatutako piezak datorren apirilean aurkeztu edo erakutsiko dira Museoan.

LURRALDEARI IREKI

Gainera, Lurraldeari irekitzea ekintzaren bitartez, Guggenheim Bilbao Museoaren erakusketak Bizkaiko udalerrietara hurbilduko dira. Horretarako, Bilboko museora iristeko garraioa eta doako sarrera eskainiko zaie herritarrei urteurreneko data jakin batzuetan.

Halaber, BBKren laguntza besterik ez duen jarduera arte eta zientzia ekitaldi bat izango da, aitzindaria eta parte hartzailea. Musika eta museoaren arkitektura izango ditu protagonista, zientzia eta teknologiarekin uztartuta.

Amaitzeko, beste ekimenetako bat Guggenheim Bilbao Museoaren 20. urteurrena ospatzeko propio diseinatutako ikuskizun bat izango da, "hiritarrek esperientzia paregabe batez gozatzeko aukera izan dezaten". Ekitaldi horrek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza du, beste erakunde publiko nahiz pribaturekin batera.