Bizkaiko Aldundiak eta udalek zergei buruzko informazioa emango diote elkarri, iruzurraren kontra egiteko

Actualizado: martes, 24 marzo 2015 17:16

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Ogasunaren eta lurralde historikoko udalen arteko lankidetza hitzarmenaren eredua onetsi du astearte honetan Bizkaiko Aldundiak Gobernu Kontseiluan, zergei lotutako xedeetarako informazio trukea jasotzen duena, hain zuzen ere.

   Bizkaiko Foru Ogasunaren Iruzurraren aurkako Planean 2015. urterako ezarri zen irizpideetako bat betez jarri da martxan hitzarmen berria; otsailaren 25eko Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO) argitaratu zen.

   Bizkaiko Foru Ogasuneko arduradunen esanetan, urrats berri honi esker, lana eraginkorragoa izango da, udalek jarduera ekonomikoen garapenari buruz sistema informatikoetan duten informazio guztia jasoko duelako Aldundiak.

   Horrela, besteak beste, udalek emandako obra baimen eta lizentziei buruzko datuak jaso ahal izango ditu foru erakundeak. Informazio hori garrantzitsua da gero obren aurrekontuak aurkeztu dituzten pertsonek BEZ, PFEZ eta Sozietateen gaineko Zergan aitortzen dutenarekin egiaztatzeko, eta obran egiten diren gastuen eta obraren titularrak aitortzen dituen errenten eta beste zerga batzuen artean egon daitezkeen inkongruentziak egiaztatzeko.

   Horrez gain, jasotako informazioaren bidez, ondareen ordena fisikoan, ekonomikoan edo juridikoan gertatzen diren aldaketa guztiak Foru Katastroan aitortu diren egiaztatu ahal izango da.

   Halaber, udalek ematen dituzten administrazio lizentzia eta emakidei buruzko datuak ere jasoko ditu Aldundiak, "eskualdatu daitezkeenak, garrantzi berezia dutelako Bizkaiko Foru Ogasunaren biltzeko jarduerak errazteko".

   Gainera, udalak ezarri eta eskatzen dituen tokiko jabari publikoaren erabilera pribatiboagatiko eta aprobetxamendu bereziagatiko tasak ere jaso ahalko ditu foru erakundeak, adibidez tokiko jabari publikoko lurzoruaren, hegalaren eta zorupearen erabilera pribatiboagatik edo aprobetxamendu bereziagatik ezarrita dituzten tasak.

   Informazio honen bidez honakoa egiaztatu ahal izango da: ondasunak eta zerbitzuak eman dituzten eta, ondorioz, espazio publikoa okupatu dituzten pertsonek (aldi baterako aparkalekuak gorde, hesiak edo publizitate elementuak jarri) BEZn eta Sozietateen gaineko Zergan aitortu dutena.