Bizkaiko Aldundiak "lurralde mailako ikuspegia" eman diote Euskararen Nazioarteko Egunari

Actualizado: lunes, 28 noviembre 2011 14:21

BILBO, 28 Nov. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko udalerri gehienetan makina bat ekintza antolatu dira abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunari lotuta, eta horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak "lurralde mailako ikuspegia" eman nahi izan diote egunari eta, aurten ere, ekitaldi horiek guztiak biltzeko asmoz, Euskararen Eguna iragartzeko kartela jarri du Bizkaiko euskara zerbitzu guztien esku eta ekimenon agenda bizkaia.net atarian argitaratuko du.

Foru erakundearekin eta Eudelekin batera, ekimen honen sustatzaile dira Alkarbide Bizkaiko Euskara Zerbitzuen Bilgunea osatzen duten udaletako euskara zerbitzuak. Hartzaileak, berriz, udalerri horietako biztanleak dira, hau da, 1.000.000 herritar inguru.

Horrela, Euskararen Nazioarteko Egunari lotutako ekintzak iragartzeko, bi kartel eredu prestatu dira, diseinuz antzekoak, bata Euskararen Eguna bera iragartzeko eta bestea ekintzen berri emateko.

Halaber, herritarrek euren udalerrian zein Bizkaiko beste udalerri batzuetan egingo diren ekintzen berri izateko agenda argitaratu da www.bizkaia.net atarian. Gainera, ekimenen berri emango da Facebook eta Twitter kanalak erabiliz Azkue Fundazioari esker.