Bizkaiko Aldundiko Enplegu Planak 19,2 milioiko aurrekontua izango du aurten

Pradales prentsaurrekoan
Foto: BIZKAIMEDIA
Actualizado: lunes, 26 enero 2015 13:33
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiaren aurtengo Enplegu Planaren baitan jasotako ekintzetan hiru jarduketa eremu lehenetsiko dira: gazteen kalitatezko kontratazioaren sustapena, luzaroko langabeen kontratazioa eta autoenpleguaren indartzea. Planak 19.270.000 euroko aurrekontua du: 13,7 milioi euro enpleguaren sustapenera bideratuko dira, eta 5,5 milioi euro talentuaren sustapenera.

   Imanol Pradales Ekonomiaren Sustapenerako diputatuak eta Gorka Estebez Enpresa Sustapenerako zuzendariak foru erakundearen Enplegu Planeko 2015eko ekintzak aurkeztu dituzte astelehen honetan prentsaren aurrean Bilbon.

   Horrela, enpleguaren sustapenak barne hartzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak gazteen kontrataziorako eta gazteen kontratazio mugagaberako ezarri dituen zuzeneko laguntzak. Bi aurrekontu sail horiek aurten hazi egin dira, aurreko ekitaldikoen aldean: batera, 3,2 milioi euro egiten dute, hau da, saila %21 handitu da, 2014koaren aldean. Hain zuzen, aurten 1.700.000 euro jarriko dira praktiketako kontratuak bultzatzeko, gazteek lanerako lehenengo aukera izan dezaten, eta 1,5 euro baliatuko dira 30 urtera arteko gazteen kontratazio mugagabea sustatzeko.

   Lan Berri delako programarako zenbatekoa ere %11,1 handitu da. Programa hori berariaz sortu da luzaroko langabeentzat, eta, horien artean, diskriminazio positiboa egiten die 45 urtetik gorakoei. Halaber, planeko lehentasunezko ardatzetariko hirugarrenak, autoenplegua sustatzekoak, 6.000.000 euro jasoko ditu.

   Enplegua sustatzeko aurrekontuaz gain, 1.000.000 euro jarriko da eskualdeak suspertzeko planen garapenerako, 725.000 euro eskualdeetan enplegua sustatzeko Behargintza zentroen bitartez, eta 1,6 milioi euro DEMAren bidez egiten diren jarduketen finantzaketarako.

   Talentuaren sustapenari dagokionez, arlo horretako jarduketek enplegagarritasuna hobetzea dute helburu. Aurrekontua honela banatuko da: 1,5 milioi euro bideratuko dira Bizkaia:talent sozietateak garatzen dituen ekintzen finantzaketara, hiru milioi euro ezagutzaren kudeaketarako BizkaiLab programara, 699.000 euro espezializazio gelen, ikastaroen eta nazioarteratze praktiken finantzaketara, eta 250.000 euro bikaintasunerako prestakuntzako beken ordainketara.

EPEAK

   Bizkaiko Foru Aldundiak dagoeneko onetsi ditu aurtengo Enplegu Planaren barruan banatu beharreko laguntzak arautzen dituzten dekretuak. Gazteen enplegagarritasuna sustatzeko dekretuan jaso diren laguntzen bitartez, 30 urtetik beherako gazteak kontratatu ahal izango dira praktiketako 6 edo 12 hilabeteko kontratuekin edo kontratu mugagabearekin, eta laguntzek soldata gordinaren %30 estaliko dute. Laguntza horiek martxoaren 15etik irailaren 30era arte eskatu ahal izango dira.

   Lan Berri programaren bidez luzaroko langabeak kontratatzeko emango dituen diru laguntzak eskatzeko epea ere martxoaren 15ean hasi eta irailaren 30ean amaituko da. Laguntza horiek, gazteak kontratatzeko laguntzek bezala, langilearen soldata gordinaren portzentaje jakin bat estaliko dute: %30 eta %50 bitartekoa, gehienez ere urtebetean.

   Autoenplegua babestea xede duten diru laguntzak lau eremutan banatuko dira. Enplegurako eta toki garapenerako udal zentroek edo irabazteko xederik gabeko erakundeek aholku ematea eta prestakuntza ikastaroak antolatzea da lehena; arlo horretan 500 euroko laguntza emango da enpresa proiektu bakoitzagatik, eta 1.000 eurokoa enpresa eratu eta abian jartzeagatik. Laguntza horiek eskatu ahal izango dira datorren ostegunetik irailaren 12ra arte.

   Bigarren arloan, hots, enpresak abian jarri eta sortzeko laguntzen arloan, 3.000 eurotik 5.000 eurora bitarteko laguntzak emango dira. Martxotik hasi eta irailera arte eskatu ahal izango dira.

   Epe bera ezarri da enplegua sortzeagatiko laguntzetarako; hirugarren arlo honetan, sortutako lanaldi osoko lanpostu bakoitzeko 4.000 euroko diru laguntza emango zaie enpresa abian jartzeko laguntzen arloko erakunde onuradunei. Laugarren eta azken arloan, enpresak abian jartze horretarako inbertsiorako laguntzek inbertsioaren %70eraino estaliko dute.

   Bikaintasunerako bekak, berriz, martxoan hasi eta urriaren 31ra arte eskatu ahal izango dira. Laguntza horien helburua da bikaintasuneko prestakuntza indartzea, lanbide hobekuntzako ikastaroak eginez nazioarteko zentro ospetsuetan, atzerrira joanda zein EAEko unibertsitateren batekin konbinatuta. Laguntza horien gehieneko zenbatekoa 10.000 euro izango da; horrekin estali nahi dira matrikula gastuak, material didaktikoa, joan-etorriko bidaia, osasun aseguruaren poliza eta egonaldirako poltsa.

EMAITZAK

   Bestalde, Pradalesek azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiaren 2012-2015 aldirako Enplegu Planak orain arte 6.047 lanposturen eta 3.381 enpresa berriren sorkuntza sustatu duela, foru erakundeak bildutako jarraipen datuen arabera.

   Ekonomia Sustatzeko foru diputatuak Batzar Nagusietan aurkeztu zituen datuok joan den abenduaren 4an, eta planaren barruan garatutako ekimenek 6.602 gazteren enplegagarritasuna hobetu dutela azaldu zuen.

   2012tik aurtengo ekitaldira arte, 52,9 milioi euro inbertitu dira planean, ezarritako bi jarduketa arloen artean banatuta: enplegua sustatzea helburu duen arloak 38,6 milioi euro jaso ditu, eta talentua sustatzekoak, berriz, 14,3 milioi euro.