Bizkaiko Aldundiko trebakuntza plana "erreferentetzat" hartu da Euskadin suhiltzaileen karrera profesionalerako

Bizkaiko Foru Suhiltzaileak
Foto: BIZKAIKO ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 2 enero 2014 14:22

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuak trebakuntza plan bat diseinatu du bere langileentzat, Zerbitzura sartzen diren berrientzat zein goragoko kategorietara igo nahi dutenentzat. Arloan lege eta arau esparrurik ez dagoelako sortu da proiektu hau, eta "erreferentetzat" hartu da suhiltzaile profesional izateko trebakuntza programak etorkizunean garatzen direnerako. Horrez gainera, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian aurkeztu da, legeak akademia horri ematen baitio Euskadiko suhiltzaileen trebakuntza arautzeko eskumena.

   Foru erakundetik adierazi dutenez, helburua da sartu berriek eta ohiko langileek argi jakitea prestakuntza arloan zer baldintza bete behar dituzten suhiltzaile sartzeko zein karreran gora egiteko, eta, beraz, horretarako trebatzeko.

   Trebakuntza programa hau diseinatzeko orduan, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileek honako hauek hartu dituzte oinarri: Frantziako suhiltzaile zerbitzuetan erabiltzen den eredua, IPDS sistema britainiarra, FEUCARE eta FIRECOMP Europako proiektuak, EQF Kualifikazio Profesionalerako Europako Esparrua eta su-itzaltzearen eta salbamenduaren arloko INCUAL kualifikazioa.

   2014. urtean Bizkaiko Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzura sartzen diren suhiltzaile berriek plan honen arabera osatu beharko dute beren prestakuntza, teorikoa zein praktikoa. Helburua da sartu berriek beharrezkoak diren gaitasun eta ezagupenak izatea salbamenduko jarduerak egiteko, suteak kontrolatu eta itzaltzeko, arrisku teknologiko eta naturalei aurre egiteko, baliabide teknikoak eta operatiboak erabiltzeko eta lanean antolatu eta garatzeko.

   Suhiltzaile Zerbitzuko langile guztientzako posturako trebakuntza programa, gaitasun profesionalak mantentzeko beharrezkoa, lau urtekoa da eta hiru jarduera mota ditu: zaintza lanaldien barruko eta kanpoko ikastaro teoriko eta praktikoak, eguneroko maniobrak eta adituek gidatutako praktikak.

   2013. urtean, Suhiltzaile Zerbitzuak jarraipena eman dio 2011n hasitako lau urteko trebakuntza planari, eta bi helburu hauek izan ditu: oinarrizko ikastaro hauetan eskuratutako ezagupen eta gaitasunak mantentzea maniobra jardueren eta birziklatze ikastaroen bidez, eta gaitasun profesional berriak gehitzea, oinarrizkoak ez izan arren, interesgarriak izan baitaitezke herritarrei ematen zaien zerbitzurako.

   Proposamena suhiltzaile sartu berrientzat zein goi mailakoentzat da, eta bakoitzak dagokion ordu-kopuruko ikastaroak izango ditu, bere lanpostuaren beharrizanen arabera.

   Suhiltzaile Zerbitzuko suhiltzaileek, suhiltzaile gidariek eta kaboek, 2014. urte amaierarako, arlo hauetako trebakuntza jaso beharko dute: eraikinetako suteak, gai arriskutsuak, irekitze behartua, prozedura operatiboen berrikuspena eta larrialdietako medikuntza arloko birziklatzea.

PRAKTIKA GIDATUAK

   Horrez gainera, oso garrantzitsua eta berezia denez, zerbitzuko kide guztiei praktika gidatu batzuk ematen ari zaizkie hainbat saiotan, irakasle espezializatuen gidaritzapean. Aurten, altuerako erreskatea eta eskoratzea izan da gaia.

   Bestalde, kaboek jarraitzen dute lau urteko trebakuntza-planean, sei eta bederatzi pertsona bitarteko taldeen arduradun gisa. Suhiltzaileekin batera egiten duten trebakuntzaz gainera, beren postura egokitutako ikastaro espezifikoak ere egiten dituzte.

   Sarjentu, suhiltzaile eta kaboentzako ikastaroez gainera, aurten trebakuntza ikastaro berezi bat izan dute: zuzendaritza operatiboa arrisku kimikoa duten esku hartzeetan eta trafiko istripuetako erreskateetan. Ofizialordeek, ikuskatzaileordeek eta ofizialek ikastaro berezi bat jasotzen dute, arriskua dagoen esku hartzeetan zuzendaritza operatiboari buruzkoa (aginte postu aurreratuaren kudeaketa da ikastaroaren ardatza).

   Azkenik, 'dispatching' delakoaren eragileentzat (Uriosteko komunikazio zentroko langileak), bi birziklatze edizio programatzen dira, komunikazio zentroaren aplikazioen erabilerari buruzkoak.

   Karrerako trebakuntzaren atalean edo borondatezko ikastaroetan, beste era bateko ikastaroak eskaintzen dira, esaterako hauek: motozerra altueran nola erabili edo igogailuetako erreskateak nola egin.

   Horrez gainera, etengabe aztertzen dira ikastaroen irakasle diren lantaldeko kideen prestakuntza arloko beharrizanak, eta erantzuna ematen zaie beharrizan horiei. Trebakuntza hori urte osoan egiten da, beharrizanen eta, batez ere, kanpoko eskaintzen arabera. Esaterako, aipa dezakegu prestatzaile batzuk ikastaro berezi batzuetara joan direla (gaiak: espeleologiako erreskate teknikak, arrisku kimikoa edo irekitze behartua).