Bizkaiko Diputazioak berdintasun, sexu-dibertsitate eta garapenerako lankidetzaren aldeko hitzarmenak sinatu ditu

Garapenerako Lankidetza Lagunduko Bizkaiko Foru Aldundia
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 13 abril 2011 14:37

BILBO, 13 Abr. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak zazpi elkarte eta erakunderekin beste horrenbeste lankidetza-hitzarmen abian jartzea onartu du, berdintasunaren, herritarren eskubideen eta garapenerako lankidetzaren arloan elkarrekin lan egiteko eta euren burua tresna berriez hornitzeko helburuarekin. Foru erakundeak 430.000 euro emango ditu guztira, diru-laguntzen bitartez.

Aldarte, Gai eta Lesbianei Laguntzeko Zentroa; Hegoa, Garapen eta Nazioarteko Lankidetzarako Ikasketa Institutua; Hirugarren Munduaren Garapenerako Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundea; Unesco Etxea; Harresiak Apurtuz, Immigranteei Laguntzeko Euskadiko GKEen Koordinakundea; Iniciativa Gitana elkartea eta Kale Dor Kayiko elkartea.

Aldarte zentroarekin sinatu den hitzarmenaren xedea da gizarte bizkaitarraren eta gay, lesbiana eta transexualen taldeen esku arreta pizteko, hezteko eta sentsibilizatzeko baliabide batzuk jartzea, dibertsitate sexualaren inguruan sortzen diren gatazkak ondo konpontzen laguntzeko. Atal honetarako 40.000 euro zuzenduko dira.

Hegoa institutuarekiko hitzarmenak 105.000 euroko diru-saila du, eta helburua da foru erakundearekin lankidetzan jarduteko markoa ezartzea, Aldundiaren kooperazio-egitasmoa gauzatzen laguntzeko eta Bizkaian finantzatzen diren proiektuen kalitatea hobetzeko. Besteak beste, honako zerbitzu hauek eskainiko ditu Hegoak: prestakuntza eta ikerkuntza ematea kooperazioaren eta garapen-proiektuen kudeaketaren arloan, eta dokumentazioa bidaltzea lankidetzaren politiken arloan nazioartean dauden berrikuntza eta eztabaidei buruz.

Hirugarren hitzarmena GKEen koordinakundearekin sinatu da, guztira 34.000 euro izendatuta dituena. Hitzarmen horren helburua da elkarteko kideak diren GKE guztien arteko komunikazioa eta lankidetza bideratzea, garapenerako lankidetzaren arloan egiten duten lana areagotu eta hobetzeko. Horrez gainera, gogoeta elkarrekin egiteko espazioa sortu nahi da, euskal gizarteak hego hemisferioko herrietako errealitateari buruz duen sentiberatzea sustatu eta iritzi publikoari GKEk eta Aldundiak egiten duten lanaren berri eman.

UNESCO ETXEA

Unesco Etxearekin eginiko hitzarmenak 87.000 euro ditu, eta helburuak dira klima aldaketaren lan-ildoa, Giza Eskubideen Foroa antolatzea eta "Koopera Zentroa, Nazio Batuak eta Lankidetza" proiektua garatzea eta mantentzea. Zentroak Bilbon du egoitza, eta Nazio Batuen sistemari eta nazioarteko lankidetzari buruzko informazioa, trebakuntza, orientazioa eta sentsibilizazioa ematen ditu.

Harresiak Apurtuz erakundearen kasuan, laguntza 54.000 eurokoa da, eta helburu nagusiak foru erakundearen lankidetza, immigrazio eta kulturartekotasuneko egitasmoen kudeaketa erraztea, koordinakundea osatzen duten 44 elkarteen lana hobetzea eta, aldi berean, herritarren kontzientzia sustatzea dira, tolerantzia eta elkarbizitzako balioak bultzatuz.

Halaber, 60.000 euroko hitzarmenaren bidez, Iniciativa Gitana Elkarteak aholkularitza kualifikatua emango dio Bizkaiko Aldundiari, ijitoen erkidegoa aztertzeko eta ijitoek bitartekoetara eta zerbitzuetara iristeko dituzten eragozpenak ezabatzen laguntzako. Horrez gainera, aukera berdintasuneko eta genero politiketako gaietan ere lagunduko du.

Azkenik, iaz bezala, aurten ere Kale Dor Kayiko ijitoen kultura-elkarteak bat egin du Bizkaiko Foru Aldundiarekiko hitzarmenekin, ijitoen erkidegoarekin hainbat arlotan egiten diren jardueretan lagundu eta lan sakonagoa egiteko: kulturartekotasuna, gazteria, aisia eta kulturaren sustapena. Hitzarmen horretan 50.000 euro jarriko dira.