Bizkaiko euskaltegietan matrikulatzera animatzeko "Zatoz euskarara" kanpaina martxan

Foto: BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 17 septiembre 2014 13:14
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Helduak 2014-2015 ikasturtean Bizkaiko euskaltegietan matrikulatzea sustatzeko "Zatoz euskarara" kanpaina berria jarri da martxan. Halaber, euskaltegietan ikasten duten herritarrek euskara eguneroko bizimoduan erabiltzera animatzea bilatzen du egitasmoak.

   Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua, Imanol Landa Getxoko Udaleko alkatea -Eudelen eta Bizkaiko udalen ordezkari gisa-, Patxi Agirregomezkorta Ulibarri euskaltegiko zuzendaria -Bizkaiko euskaltegi pribatu homologatuetako ordezkari gisa- eta Joseba Urriz Barakaldoko Udal Euskaltegiko zuzendaria -udal euskaltegietako zuzendarien ordezkari gisa- izan dira kanpaina aurkezten Eudelen egoitzan izandako ekitaldian, Bilbon.

   "Zatoz euskarara" kanpainaren helburu nagusiak bi direla azaldu dute: batetik, helduen matrikulazioa sustatzea Bizkaiko euskaltegietan 2014-2015 ikasturtera begira, eta bestetik, euskaltegietan arian-arian euskalduntzen diren herritarrak eta gizataldeak animatzea euskara eguneroko bizimoduan erabil dezaten euskaltegitik kanpo, edozein gizarte esparrutan.

   Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eudelekin batera, ekimenaren sustatzaileak Alkarbide Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea osatzen duten udaletako euskara zerbitzuak eta lurraldean helduen euskalduntzean diharduten eragile publiko eta pribatu guztiak dira, hau da, euskaltegi sareak. Hartzaileak, berriz, Bizkaian euskaraz ez dakiten herritarrak eta euskalduntzen ari direnak dira, gutxi gorabehera, 700.000 lagun.

   Euskararen Nazioarteko Egunean egiten den moduan, bi kartel eredu prestatu dira, bata ekimenaren irudi orokorra jasotzen duena eta bestea herrian dagoen helduen euskalduntzearen eskaintza iragartzen duena. Euskarriak Bizkaiko udal eta mankomunitateetako euskara zerbitzuen bitartez (59) hedatu dira lurralde osora.

ESKAINTZA OPAROA

   Helduak euskalduntzeko eskaintza Bizkaian "guztiz oparoa" dela azpimarrartu dute ekitaldian, euskaltegi publiko nahiz pribatuei dagokienez. Hala, sare publikoa 21 udal euskaltegik osatzen dute, oro har, Bizkaiko herri populatuenetan banatuta. Sare pribatuan, berriz, 45 euskaltegi daude eta eskaintza handiena Bilbon metatzen den arren, Bizkaiko herri gehientsuenetan ematen dute zerbitzua.

   2012-2013 ikasturtean, ia 23.510 ikasle aritu ziren euskara ikasten Bizkaiko euskaltegietan (41.200 EAEkoetan); horietatik %27 inguruk (%23 EAEn) euskaltegi publikoetan ikasi zuten, eta %73 (%76 EAEn) euskaltegi pribatuetan. Guztira, 4.026.743 ikasle ordu eta 351.462 talde ordu eman ziren Bizkaian.

   Bestetik, datorren ikasturteko matrikulazioko datuei begiratuta (matrikulazio aldia ez da amaitu), helduen euskalduntzearen inguruko datuak "oso-oso antzekoak" izango direla adierazi dute, amaitu den ikasturtearekin alderatuta.