Bizkaiko Foru Aldundiak 2,6 milioi euro inbertituko ditu Sopuertako hornidura sarea berritzeko

Actualizado: martes, 22 marzo 2011 13:10

BILBO, 22 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak berritu egingo du Sopuertako ur hornidurarako sarea, eta Ingurumen Sailak 2.652.500 euro erabiliko ditu "Jarraltako ur-biltegia handitzeko eta Barrietaseko iturburuen sarea berritzeko proiektua, 1. fasea: Barrietaseko iturburuak" proiektuko obrak egiteko. Aurtengo ekitaldian obretan erabiliko den diru-saila 600.000 eurokoa izango da, eta gainerako inbertsioa, 2.052.520 euro, 2012an egingo da, foru erakundetik adierazi dutenez.

Ur hornidurarako sarea berritzeko lanak aurtengo hirugarren lauhilekoan hasiko dira eta lan horien xedea da ur hornidura bermatzea, bai kantitateari zein kalitateari dagokionez, batez ere udan. Gaur egun, Sopuertako biztanle gehienak edateko urez hornitzeko Jarraltako Edateko Ura Araztegia (EDUT) erabiltzen da. Araztegi horretara hainbat iturburutako urak iristen dira. Iturburu horien emaria asko murrizten da udan eta, ondorioz, ura hornitzeko iturri berriak bilatu edo erabiltzen ez diren hartune berriak (Barrietasekoak adibidez) berreskuratu behar dira.

Horretarako, Barrietasen hartutako ura inguru horretan jarriko den ur-biltegi erregulatzaile berri batera eramango duen ponpaketa estazio bat eraikiko da. Biltegi horrek iragazi gabeko ura bidaliko du Jarraltako EDUTera, dagoen eskaeraren arabera. Instalazio biak lotuko dituzten hodiak Traslaviña-Castro Urdiales trenbidearen plataforma zaharretik eramango dira eta ura Barrietasetik Mercadilloraino eramaten zuten hoditeria zaharrak ordeztuko dituzte, gaur egun ez baitira erabiltzen, oso egoera txarrean daudelako.

Modu honetan, Sopuertarako aurreikusi diren obra hauekin erabat bermatuko da ur hornidura Enkarterriko udalerri horretako 2.400 biztanleentzat.