Bizkaiko Foru Aldundiak 7,5 milioi euro erabili ditu Ereñoko ur-saneamendurako sare berria eraikitzeko

Actualizado: viernes, 18 marzo 2011 18:38

BILBO, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak 7,5 milioi erabili ditu guztira Ereñoko ur-saneamendurako sare berria eraikitzeko. Jarduera honi esker, herriko ur-saneamendurako sareak eraiki eta hobetu dira, eta isurketak araztegi berrian bilduko dira; han arazi eta ubidera isuriko dira.

Foru erakundeko Ingurumen Sailak 4.500.000 euroko inbertsioa egin du kolektore-sarean, eta 3.000.000 eurokoa hondakin-uren araztegian; 14 hilabete behar izan dira kolektoreak egiteko, eta 16 hilabete hondakin-uren araztegia eraikitzeko.

Ur-saneamendurako sarea hobetzeko arrazoia da saneamenduaren arloko Europako zuzentaraua udalerri guztietan betetzeko nahia; zuzentarau horrek behartzen du hondakin-uren isurketak jaso eta ondoren ubidera bota aurretik -isurketa behar bezalako baldintzetan eginda- arazten dituzten sareak ipintzera.

Ereñoren kasuan, kolektore-sareak udalerriko auzo guztietako isurketak jasotzen ditu: Arritza, Gabika, Akorda, Eleixalde, Basetxeta eta Atxoste. Sareak bederatzi tarte ditu: sei grabitate bidez dabiltza eta gainerako hirurak bulkada bidez. Bulkada dagozkien ponpaketa-estazioetatik egiten da: Arritza, Gabika eta Zeeta. Azken tartea hondakin-uren araztegian amaitzen da.

Ereñoko hondakin-uren araztegia 660 biztanle dituen herri batentzat dago diseinaturik. Arazteko sistemak prozesu hauek egiten ditu: aurretratamendua, aireztatze luzearen bidezko tratamendu biologikoa, dekantazioa eta esterilizazioa izpi ultramoreen bidez, ubidera isuri aurretik; horrez gainera, lokatzen tratamendua trinkotzearen bidez, polielektrolitoaren dosifikazioa, trinkotutako lokatzak biltzea eta kamioira ponpatzea, baimendutako hondakindegi batera edo lokatzak erretzeko labe batera eramateko. Horrez gainera, ekaitzetarako tanke bat ere jarri da.

Azken hamarkadan, Bizkaiko Foru Aldundiak 60 milioi baino gehiago inbertitu ditu urtean saneamendu eta hornidurarako sareak hobetzeko proiektuetan. Lurraldeko Partzuergo bakarra finkatu den heinean, Aldundiak areagotu egin ditu laguntzak: azken lau urteotan, 50 milioi euro inguru inbertituta aukera egon da uren sareak hobetzeko lanak egiteko gero eta handiagoa den Partzuergoaren eremuan. Lau urte horietan, ia 280 milioi euroko inbertsioa eginda, Aldundiak eskualdeko saneamendu eta hornidurarako planak egin ditu; horrek aukera eman du beste udalerri batzuk Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergora sartzeko.

Gaur egun, 63 udalerrik osatzen dute Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoa: Bizkaiko biztanleen %90, ia milioi bat pertsona. Aurten Ereño eta Urduña sartuko dira Partzuergoan eta Enkarterri eskualdeko udalerriek ere eskatu dute Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergora sartzea.