Bizkaiko Foru Aldundiak Gabonetako kultur egitaraua prestatu du

Ariztondok aurkeztu du Bizkaiko Aldundiaren Gabonetako kultur egitaraua
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: jueves, 15 diciembre 2011 14:34

BILBO, 15 Dic. (EUROPA PRESS) -

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatuak Gabonetako kultur egitaraua aurkeztu du gaur, eta, besteak beste, bi kontzertu handi, umeentzako erakusketa eta tailerrak, Umeen Gabonetako Parkeko izotz-pistak, esku eta pala modalitateetako Bizkaia Txapelketa izango dira.

Hain zuzen ere, gaur arratsaldean egingo da jarduera nagusietako bat, foru erakundeak publikoki aintzatetsiko baitu Bizkaiko pertsonek eta erakundeek kirolaren arloan egindako lana, eta arratsaldeko 19:00etan, Bizkaia Kirolak 2011 sariak banatuko ditu.

Musika erreferente bat izango da Bizkaiko Foru Aldundiaren Gabonetako kultur programazioan. Horrela, Gabonetako Soinuak emanaldia izango da abenduaren 18an Bilboko Euskalduna Jauregian. Kantika eta Gaudeamus koralek eta Bilboko Koraleko Kontserbatorioko ikasleen abesbatzak parte hartuko dute kontzertuan. Bizkaiko Foru Aldundiak eta la Caixak batera antolatu dute kontzertu hau, lankidetza-hitzarmen baten bidez; ETB 1ek Gabon gauean eskainiko du.

Halaber, abenduaren 28an, Garikoitz Mendizabal txistulariak kontzertu berezia eskainiko du, Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin batera, Euskalduna Jauregian, "Txistu Simphonik" izenburupean. Txistuaren doinua, BOSen indarrarekin uztartu eta kontzertu honetarako beren-beregi egindako obren konponketarekin gozatzeko aukera izango dute ikusleek. Mendizabalek bidelagun batzuk izango ditu emanaldian: Andoni Egaña bertsolaria, Miren Fernandez kantaria, Josu Mentxaka dantzaria eta txistu ikasle talde bat.

ERAKUSKETAK ETA TAILERRAK

Bestalde, kontuan izandako Gabon garaian etxeko txikienak oporretan daudela, haiengan eta familiengan pentsatuz, Bizkaiko museoek umeei zuzenduriko jarduerak eskainiko dituzte Gabonetan. Besteak beste, Arkeologia Museoak historiaurreko animalien erakusketa aurkeztuko du hilaren 20an. Erakusketa horretan, Euskal Herrian orain urte asko bizi ziren eta aztarnategi arkeologikoetan kontserbatu diren animalia batzuen hezurrak erakusten dira: belarjale handiak (elefanteak, errinozeroak eta bisonteak) eta harrapari izugarriak (kobazuloetako hartzak, lehoinabarrak eta lehoiak).

Animalia horiek orain 100.000 urte baino gehiago zeuden gur lurretan. Ondoren, orain 8.000 bat urte besta batzuk etxekotu egin ziren (uroak, basurdeak, katuak eta zaldiak). Ondorioz, beste espezie batzuk sortu ziren; gaur egun, ordea, batzuk iraungitzekotan daude.

Horrez gain, Arkeologia Museoak, abenduaren 23tik urtarrilaren 5era arte, "Gabon hauetan arkeologia familian" tailerrak eskainiko dizkie umeei.

Gainera, aurten ere, Umeen Gabonetako Parkean, Bizkaiko Foru Aldundiak izotz-pista jarriko du, ume eta nagusientzat. Izotz-pista 20 metro x 40 metroko neurria izango du, eta BECeko hirugarren pabilioian izango da. Txanda bakoitzean 150 pertsona sartuko dira, eta sartzen direnek 25 bat minutu izango dituzte patinatzeko.

Foru Liburutegiak ere gabon kutsua jarri dio bere egitarauari.

Gaur bertan, arratsaldeko 19:00etan, Seve Callejak eta Juan Manuel Etxebarriak "Gabonetako ipuinak" hitzaldia eskainiko dute. Gainera, dagoeneko ikusgai dagoen "Euskal Mitologia guztiontzat" erakusketa bisitatzeko aukera dago, abenduaren 31ra arte.

Bestelako nobedade batzuen artean, Azkue Fundazioak eta Bizkaia Irratiak antolatu duten Gabonetako Zorion Agurren lehiaketa dago. "Txioka sarean, zorion agurren lehiaketa" izenburupean, abenduaren 18ra arte aukera dago Twitter eta Facebook bidez lehiaketan parte hartzeko. Sari banaketa, Santo Tomas egunean izango da, Euskaltzaindiaren egoitzan. Amaitzeko, kirol eskaintza ere egongo da Gabonetan: esku eta palako Bizkaia Txapelketa, hain zuzen ere.

Egitaraua aurkezteko ekitaldia amaitu ondoren, Gabonetako agenda irekitzen duen erakusketa inauguratu da. Haren bidez, Bilboko Kontsuletxearen 500 urteurrena ospatzen da, eta gaurtik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ondare Aretoan egongo da ikusgai.