Bizkaiko Foru Aldundiak "Gaztedi Bizkaia" proiektua eta 2011ko ekitaldien programa onartu ditu

Actualizado: martes, 8 febrero 2011 19:10

BILBO, 8 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak "Gaztedi Bizkaia" proiektua eta 2011. urteko ekitaldien programa onartu ditu gaurko bileran, foru erakundeko arduradunek adierazi dutenez.

Apirilaren 15eko 51/2008 Dekretuaren bidez, Gazteriako Foru Batzordea eta haren Talde Teknikoa sortu eta funtzionamendu arauak onartu ziren, Bizkaiko Foru Aldundiak bere eskumenen barruan garatzen dituen politika sektorialak koordinatzeko, sailen artean gazteriaren arloko esku-hartze integratua eta partekatua gauzatzeari begira. Gazteriako Foru Batzordeak eta haren Talde Teknikoak Bizkaian gazte politikak optimizatu eta hobetzeko egin duten lanaren ondorioz, "Gaztedi Bizkaia" proiektua sortu da.

Foru erakundearen arabera, gazteek berezko inguruabarrak eta beharrizanak dituzten herritarrak dira eta, beraz, haiei erantzuteko laguntza berezia behar da. Gaztearen errealitateari heltzeko, zeharkakotasun eta osotasun irizpideetan oinarritutako politika publikoak behar dira. Horregatik, beharrezkoa da ikuspuntu orokor bat, gazteen bizitzako eremu guztiak elkarren artean lotzen dituena: prestakuntza, lana, etxebizitza, nortasuna, hizkuntza, parte-hartzea, lurraldearen arloko oreka, gizarte-kohesioa eta -konpromisoa, garapen komunitarioa, ingurumena, garapen iraunkorra eta mugikortasuna.

Ikuspuntu integral honek honako hau dakar: zeharkako jardun bat, lurraldeko administrazioen eta haien kudeaketa maila guztien artean koordinatutakoa. Jardun horrek ahaleginen bilketan oinarrituta egon behar du.

"Gaztedi Bizkaia" proiektua Bizkaiko gazte politiken erreferentzia-esparrua da; gazte politikak definitu, sustatu eta koordinatzeko aukera ematen digun tresna bat da, eta, aldi berean, gazteen autonomia, lurraldearen arloko oreka eta gizarte-kohesioa eta -konpromisoa bermatzen dituen tresna ere bada.

Proiektua hiru ardatz estrategikotan egituratzen da: emantzipazioa eta autonomia; balioak eta kultura; gizarte-ongizatea. Ardatz estrategikoon barruan sei atal daude, 21 lan-ildotan antolatzen direnak: Enplegua; Etxebizitza; Mugikortasun iraunkorra; Balioetan sustatzea; Aisia eta kultura; Zaurgarritasun egoeran daudenei laguntzea.

Azkenik, Gobernu Kontseiluak 2011ko jardueren programa ere onartu du. Dokumentu horretan, modu xehatuan eta egituratuan jasotzen da Bizkaiko Foru Aldundiak gazte arloan duen zeharkako jarduna. Dokumentua Bizkaiko gazteentzako 78 programatan gauzatzen da eta 50.640.410,38 euroko aurrekontua dauka.