Bizkaiko Foru Aldundiak sarrera soziosanitarioen zerbitzua handitu du, Txurdinagako (Bilbo) egoitzan hamar plaza gehituz

Actualizado: martes, 27 septiembre 2011 20:00

BILBO, 27 Sep. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak sinaturiko hitzarmena aldatu eta gero, foru erakundeko Gizarte Ekintza Sailak handitu egin du Bilboko Txurdinaga auzoan dagoen Birjinetxe laguntza-zentroko plazen kopurua, eta horrela, sarrera soziosanitarioen arloan dagoen eskaera bete, zerbitzua handituz.

Foru erakundeko Gobernu Kontseiluak onartu du gaur hiru erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenaren aldaketa. Hitzarmen hori Bizkaiko egoitza-unitateetan zerbitzu soziosanitarioak eskaintzeko sinatu zuten.

Horrela, gaur egun sarrera soziosanitarioen arloan dagoen eskaera kontuan hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak "egokitzat" jo du sinatutako hitzarmena aldatzea, zerbitzua hobetzeko helburuarekin. Zentzu honetan, orain arteko eskaintza handitu eta hamar plaza gehiago eskainiko dira. Bilboko Txurdinaga auzoan dagoen Birjinetxe laguntza-zentroan handituko da zerbitzua.

Modu honetan, Leioako egoitzak 36 plaza eskaintzen ditu, Zornotzako Orue egoitzak eta Portugaleteko Aspaldiko egoitza 27na, eta gaur onarturiko aldaketaren ondorioz, Txurdinagako Birjinetxe laguntza-zentroak hamar.

Euskadin laguntza soziosanitarioa garatzeko lankidetza-hitzarmena 2003koa da; orduan sinatu zuten Eusko Jaurlaritzak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak. Garai hartan, beharrezkotzat jo zen lankidetzarako tresnak sortzea, egoitza-unitate soziosanitarioetan sartuta zeuden pertsonei erantzun integratu bat emateko eta foru erakundeak kudeatzen edo itunduta dituen unitateetan ematen duen zerbitzu mediko eta sanitariogatik Gizarte Ekintza Sailak duen gastua konpentsatzeko.