Bizkaiko Foru Liburutegiak ate irekien jardunaldiak egingo ditu ostegunean eta ostiralean

Actualizado: lunes, 20 octubre 2014 16:54

BILBO, 20 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiak urriaren 24ko Liburutegien Nazioarteko Eguna ospatuko du eta ate irekien jardunaldiak antolatu ditu Foru Liburutegian ostegunean eta ostiralean, urriaren 23an eta 24an. Bisita gidatuak egingo dira, eta gainera, salbuespen gisa, kubora sartu ahal izango da, foru erakundeak jakinarazi duenez.

Horrela, normalean jendearentzat itxita egoten diren liburutegi barruko guneak bisitatu ahal izango dira, besteak beste, kuboa. Foru Liburutegiko biltegietako bat da kuboa, bitxiena, agian, beirazko egiturari esker, hirian protagonismo berezia eman dioten hiru erronka estetikori erantzuten baitie.

Kanpoko fatxadan, munduko hizkuntza gehienetan idatzitako irudi serigrafiatuak ikusten dira. Egunean zehar, Foru Jauregiaren atzeko fatxada islatzen da, eta, aldi berean, barruan gordetako liburuen testura erdizka ikusten dira, bilbe batean ezkutatuta. Gauez, argiztapen berezi bat erabilita, funts bibliografikoen irudia proiektatzen da.

Kristalezko biltegia 2007ko azaroan inauguratu zen, birgaitutako eraikinaren multzoarekin batera. Foru Liburutegiaren bildumaren zati bat gordetzen duten sei solairu ditu. Eraikineko giroa papera egoera onean mantentzeko egokituta dago, eta segurtasun neurri zorrotzak daude. Hori dela eta, baimena duten langileak baino ezin dira sartu. Salbuespena da ateak jendeari irekitzeko jardunaldi hau, kuboaren barrualdea ezagutzeko aukera eskainiko baita.

Jarduera honetan parte hartzeko, izena emateko epea zabalik egongo da ostiralera arte. Bisitaldia egin nahi duten pertsonak liburutegian bertan (Diputazio kalea, 7) eman dezakete izena, edo telefonoz (94 406 77 02) deitu ahal dute. Erreserba liburutegian bertan edo telefonoz egiteko ordutegia hau da: 08:30etik 19:30era, etenik gabe. Halaber, helbide elektroniko honetan egin daiteke erreserba: foru_liburutegia@bizkaia.net. Bisitaldiaren berezitasuna kontuan hartuta, talde bakoitzean sei pertsona sartuko dira, gehienez.