Bizkaiko Foru Ogasunak 2015ean baino ia 200 milioi euro gehiago bildu ditu 2016an

Actualizado: jueves, 19 enero 2017 13:30

BILBO, 19  (EUROPA PRESS)

Zerga itunduen ondoriozko diru bilketa metatua 6.715,1 milioi eurokoa izan da Bizkaian 2016. urteko ekitaldia bukatzean, hau da, aurrekoan baino 199,6 milioi euro gehiago. Diru bilketa, beraz, %3,1 hobetu da, Bizkaiko Foru Ogasunak emandako datuen arabera.

Joan den ekitaldiaren itxierari buruzko behin behineko balantzeak berretsi du "portaera ona" izan dutela laneko errenten ondoriozko diru bilketak batetik -2.394,7 milioi euro-, eta PFEZaren kuota diferentzialari lotutakoak bestetik; izan ere, azken horrek negatiboa izaten jarraitzen duen arren, kopurua ia erdira murriztu da: 79,7 milioi euro. Aitzitik, zeharkako tributazioa, BEZaren ondoriozko bilketan, %0,5 gutxitu da 2015ekoarekin alderatuta.

Aurreko ekitaldian bildutako 6.715,1 milioi euroekin ez dira bete Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan 2016ko urrian ekitaldiaren itxierarako egindako aurreikuspenak, 6.736,2 eurokoa izan baitzen. Hortaz, zenbatetsitakoa baino 21,1 milioi gutxiago bildu dira, batez ere ez direlako bete Estatuarekin eta Araba eta Gipuzkoako aldundiekin doitu beharreko zergei buruz bilera hartan egindako aurreikuspenak.

Horrenbestez, Estatutik jasotako doikuntzak 11,4 milioi euro txikiagoak izan dira urrian aurreikusitakoak baino, eta kudeaketa propioko bilketa ere, Araba eta Gipuzkoarekin egin beharreko doikuntzak egin ondoren, zenbatetsitakoa baino 9,7 milioi txikiagoa izan da.
2016aren itxierari buruzko behin betiko datuak Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak otsailean egingo duen hurrengo bileran ezagutuko dira.