Metro Bilbaon aginte tokia berria abiatzeko 2,5 milioi euro

Manu Tejada (ezkerrean) eta Eneko Arruabarrena, metroaren egungo aginte tokian
BIZKAIKO GARRAIO PARTZUERGOA
Actualizado: jueves, 20 julio 2017 12:55

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) 2,5 milioi euro bideratu ditu Metro Bilbaon aginte toki berria ahalbidetzeko. Aginte Toki Osagarria deritzon gune berria Arizeko bagoi tokietako instalazioetan egongo da, Basaurin, eta lurrazpikoaren sistema guztien eragiketa kontrola bere gain hartuko du gertakari larriren baten ondorioz Bilbon dagoen Aginte Toki Nagusia erabiltezin geratzen denean.

Manu Tejada BGPko zuzendari gerenteak eta Eneko Arruebarrena Metro Bilbaoren zuzendari gerenteak ostegun honetan eskainitako prentsaurrekoan azaldu dituzte hornidura berriaren xehetasunak. Biek nabarmendu dute "munduko tren metropolitar gutxik" dutela horrelako azpiegiturarik, eta, aurreikuspenen arabera, 2019. urte bukaerarako bukatuta egongo dela.

2014an hasitako ekintza planaren helbururik handiena da Aginte Toki Osagarria sortu eta martxan jartzea. Gertakari larriren baten ondorioz Aginte Toki Nagusia erabiltezin geratzen denean baino ez da aktibatuko. Egungoa ez bezala, Arizeko bagoi tokian egongo da, Basaurin, eta metroaren sistema ezberdinen kontrola bere gain hartzeko gaitasuna izango du (trafikoa, energia eta geltokietako instalazioak).

Aginte Toki Osagarria Metro Bilbaon egun funtzionamenduan dagoenarekin erabat bateragarria izango da. Modu horretan, Aginte Toki Nagusian egiten diren aldaketa edota eguneraketa guztiak modu integralean transferitu ahal izango dira Aginte Toki Osagarrira.

KATIGAMENDUAK

Gainera, BGP ekipamenduetan esku hartzeak egiten ari da une honetan, Aginte Toki Osagarria aktibo egongo den unerako prestatzeko. Zentzu horretan, metroaren sareko katigamendu ezberdinen arteko komunikazioak modernizatzeko lehenengo fasea gauzatzen ari da, egungo Aginte Toki Nagusittik ez ezik, urrutiko aginteak bigarren aginte tokitik ere ahalbidetu ahal izateko.

Esku hartze konplexua da teknikoki eta, hortaz, bi fasetan banatu da. Lehendabiziko fasea, exekuzioa, konfigurazio elektrikoko katigamenduei dagokie. Horretan, beharrezkoa izan da 400.000 euroko aparteko inbertsioa egitea, Aginte Toki Osagarria martxan jartzen den unerako dena prest egon dadin. Bigarren fasea katigamendu elektronikoei dagokie, eta 2018. urtean burutuko da.

Fase guztiak bukatutakoan, alegia, Aginte Toki Osagarria eta katigamenduen egokitzapena egindakoan, azken faseari ekingo zaio, hau da, funtsean, altzariak jarri eta barneko lanak egingo dira, postu bien artean komunikatzeko beharrezko zuntza ezarriko da eta geltokietan lan sorta egingo da (aurreikuspenen arabera, 2018 eta 2019 bitartean). Hala, aurreikuspenen arabera, Aginte Toki Osagarria 2019. urte amaieran jarriko da martxan.