Bizkaiko gasolindegietako sindikatuak Aevecar-ekin mahai batean esertzeko prest daude, baina "ez atzera egiteko"

Bizkaiko gasolindegiek greban jarraitzen dute
Europa Press
Actualizado: viernes, 11 enero 2013 13:56

BILBO, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko gasolindegien sektorean ordezkaritza duten sindikatuak prest agertu dira Aevecar patronalarekin lan gatazkaren inguruan hitz egiteko mahai batean esertzeko, baina "ez dute atzera egingo", sindikatuon iturriek Europa Press-i adierazi diotenez.

Langileak greba mugagabean daude abenduaren 20tik, eta ostiral honetan ibilgailuen karabana bat egin dute protesta modura, Miribillako (Bilbo) zerbitzugunean hasita. Aurretik elkarretaratze bat egin dute, eta ondoren, 150 bat ibilgailuk Bilboko erdigunea zeharkatu dute.

Sindikatuek adierazi dute greba mugagabearekin jarraitzeko asmoa dutela, Aevecar patronalak bilera batera deitzen baditu mahaian esertzeko prest dauden arren. "Guk erronka bota dugu eta ezin dugu atzera egin etorkizuneko inbertsioa delako. Ezin dugu hitzarmen hau galdu", ziurtatu dute.

Greba deitu duten sindikatuek "positibotzat" jo dute Cebek patronalak elkarrizketarako deia egin eta gasolindegietan lurraldeko hitzarmen kolektiboa mantentzearen alde agertu izana. Hori dela eta, "tresnak mahai gainean jartzera" eta Aevecar patronalari "presio egitera" animatu dute Cebek. "Cebekek indar apur bat egitea eta aldeei dei egitea ona da. Esertzeko eta gaiaz hitz egiteko prest gaude", ziurtatu dute.