Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapa aurkeztu zaie udalerriei

Bileran bildutakoak
EUDEL
Actualizado: martes, 26 enero 2016 13:53

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

   Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak eta Bizkaiko Foru Aldundiak lan bilera bat egin dute astearte honetan Bizkaiko udalerrietako alkateekin, udalek gizarte zerbitzuen arloan duten garrantzi handia kontuan hartuta, gizarte zerbitzuen zorroari buruzko dekretu berria ezartzean lurraldean egingo den zerbitzu eta prestazioen inguruko eskumenen banaketa denon artean eztabaidatzeko. Bertan, besteak beste, Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapa aurkeztu zaie udalerriei.

   Eudelek Bilbon duen egoitzan egin da bilera, eta bertan izan dira, besteak beste, Eudeleko elkarteburu Imanol Landa, Gizarte Ekintza Saileko foru diputatu Isabel Sanchez Robles eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako sailburuorde Lide Amelibia.

   Horrela, Eudelek eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailak gizarte zerbitzuen zorroari buruzko dekretu berrian jasotako gizarte prestazio eta zerbitzuen lurralde antolamenduaz arduratuko den erakundeen arteko talde bat sortuko dute.

   Imanol Landak nabarmendu du Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapa egiteko beharrezkoa dela "koordinatuta lan egitea" eta udalen artean "akordioetara iristea". "Udaloi dagokigu gure zerbitzu berriak non kokatu erabakitzea. Gure artean hitz egin behar dugu, sistema berria udalen errealitatera eta gizarte beharrizan berriei egokitzeko", esan du.

   Halaber, erakundeen garrantzia azpimarratu du, eta "amaierarik ez duen etengabeko hobekuntzarako bidean" gaudela konturatzeko eskatu du, "iraunkorra izango den eta denboran iraungo duen gizarte zerbitzuen benetako sistema bat eraikitzeko".

   Prozesuak dirauen bitartean, Eudel elkarteak aholkularitza eta laguntza eskainiko dizkie udalei, haien kontsulta guztien inguruko laguntza teknikoa eta juridikoa eskainiz.

   Bestalde, Isabel Sanchez Roblesek gogorarazi du 2008ko Gizarte Zerbitzuei buruzko Legeak eta 2014. urtearen amaiera aldean hitzartutako Gizarte Zerbitzuen Zorroari buruzko dekretuak ezartzen dutela gizarte zerbitzuak "hiritar guztien eskubide subjektibo" bihurtu direla eta, helburu hori lortzeko, "denon artean Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema babestu eta eraikitzen jarraitzeko" erakundeen arteko lanerako mahai bat sortzeko lehen urratsa eman dela azpimarratu du.

   Foru diputatuak nabarmendu du erakundeen arteko inplikazioa eta koordinazioa "funtsezkoak" direla helburu hori lortzeko. "Erakunde bakoitzaren autonomiarekiko begirunetik, erabakitzeko eta koordinatzeko dugun erantzukizunetik eta errealitate printzipiotik, Bizkaiko Foru Aldundia eta udalerriak gidariak izango dira foru zein udalen eskumeneko baliabideak jaso eta lurraldeko zentroen hedatzeari buruzko proposamen bat egingo duen Bizkaiko Gizarte Zerbitzuen Mapa egiteko orduan", azaldu du.