Bizkaiko harrera familiatan 315 adingabe zeuden 2014an

Actualizado: jueves, 12 febrero 2015 12:00
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Saileko Umeen Zerbitzuaren balantzearen arabera, 2014ko abenduaren 31n, 315 adingabe zeuden harrera familiatan, eta horietatik 72 kasu berriak izan ziren 2014an.

   Halaber, iaz adingabeei emandako laguntzak igo egin ziren, apur bat baino ez bada ere, 2013ko datuekin alderatuta. Hasitako espedienteak 998 izan ziren, eta horietako 962 adingabeei zegozkien, 2013an baino 184 gehiago. Hala ere, 2014an, guztira, 1.859 espediente kudeatu ziren, aurreko urtean 1.513 izan ziren bitartean.

   Adingabeek foru erakundearen zerbitzuetan ematen duten denbora kasuaren araberakoa izaten da. Batzuetan, egun batzuk besterik ez dute egiten: arrazoiren bat tarteko seme-alabei arreta eman ezin dieten eta haien zaintza Aldundiaren esku uzten duten familien kasua da; beste batzuetan, berriz, adin nagusitasunera iritsi arte eusten zaie babes neurriei, eta, zenbait kasutan, are gehiago irauten dute neurriok, haietaz nor arduratu ez dagoenean.

   Bizkaiko Aldundiaren esku hartzea dakarten arrazoien artean, gurasoek adingabeen oinarrizko beharrizanei ezin erantzutea, arduragabekeria, abandonua, tratu txar fisikoak, sexu abusuak, esplotazio sexuala eta lagunduta ez dauden adingabe atzerritarrak nabarmentzen dira, foru erakundeak jakinarazi duenez.

   Bizkaiko Foru Aldundiak bere zentroen eta itundutako zentroen sare bat du adingabe hauek hartzeko; guztira, 47 etxe dira. 2014an zehar, Egoki Etxea jarri zen martxan, nerabeentzako programaren barruan, eta Ugaoko Etxea, Oinarrizko Egoitzazko Programaren barruan.

   Horrela, 2014an, 535 adingabe hartu ziren egoitzetan, aurreko ekitaldian baino apur bat gutxiago (2013an, 559). Adingabeko horien %23,18 lagunduta ez zeuden adingabe atzerritarrak ziren; halako adingabeen kasuen joera beherantz doa, iaz lagunduta ez zeuden 187 adingabe baitzeuden.

HARRERA FAMILIA

   Bestalde, harrera familia "babes aukerarik onena" da adingabe gehienentzat, haren bidez familia giro egokia ematen baitzaie zenbait inguruabar direla-eta beren familia naturalarekin egon ezin diren umeei.

   Harrera familiaren azken helburua da adingabea familia batean garatu ahal izatea, bere familiarekiko harremana galdu gabe, eta umea bere familia naturalera itzultzea ahalbideratzea. Adingabeak familia zabalean edo beste familia batean egon daitezke harreran. 2014ko abenduaren 31n, 315 adingabe zeuden familia harreran, eta horietatik 72 kasu berriak izan ziren 2014an.

   Familia zabalik ez dagoenean (osabak, izebak, amama-aititak edo adingabeez arduratu ezin diren neba-arreba helduak), adingabe horiei beste familia bat eskaintzen zaie, denbora jakin batean hartzeko. Denbora hori hilabeteak edo urteak izan daitezke, kasuaren arabera. 2014ko abenduaren 31n, 101 adingabe zeuden harreran, beste familia batean (2013an, 88); horietatik bederatzi adopzioaren aurreko harreran zeuden.

   Harrera familiek, gainera, familia naturaletik bereiztea eragin duten arazoak gainditzen laguntzen diete umeei. Urtero, kanpainak egiten dira bizkaitarrak kontzientziatzeko, adingabeak beren familian hartzeko eta egoera horretara eraman dituzten arazo sozialak gainditzen laguntzeko prest dauden eta gaitasuna duten familiak erakartzeko.

   Batez ere, jaioberriak presaz hartzeko prest dauden familiak behar dira, sei hilabeterako edo urtebeterako. Helburua da halako ume txikiak erakundeetan ez sartzea, zentro batera joan behar ez izatea; izan ere, leku horietan ematen den laguntza ona bada ere, familia alternatibarik onena da. Iaz, horrelako zortzi harrera egin ziren; aurreko ekitaldian, beste horrenbeste.

ADOPZIOAK

   Halaber, adopzioa beste babes neurri bat da haien hazkuntzaz arduratu ezin den familia naturalik ez duten adingabeentzat. Helburua da adingabea hazi, babestu eta haren garapena bermatzea. Adopzioari esker, adingabea familia nukleoan erabat integratuko dela bermatzen da.

   AENOR erakundeak nazioarteko adopzioaren arloko ISO 9001-2008 ziurtagiria eman zion Bizkaiko Umeen Zerbitzuari, bere kudeaketa sistemagatik, eta 2014ko abenduan, berriro gainditu zuen erakunde horren auditoretza.

   2014an, 75 adopzio eskaera aurkeztu ziren (2013an, 90); horietatik, 24 eskaera nazioarteko adopziorako izan ziren (38, 2013an), eta 51, bertoko adopziorako (2013an, 52). Guztira, 36 ume adoptatu ziren (2013an, 53); horietatik, 25 adingabe nazioarteko adopziokoak izan ziren (2013an, 37), eta 11, bertokoak (2013an, 16). Gaur egun, beherantz jarraitzen du orain dela urte batzuk hasitako nazioarteko adopzioen goranzko joerak.