Bizkaiko ikastetxe bateko irakasle bat atxilotu dute ikasleek sexu-gehiegikeriak egitea egotzita

Actualizado: martes, 11 enero 2011 17:55

BILBO, 11 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo gauean adin txikikoei sexu-gehiegikeriak egitea egotzita. Atxilotua Bilboko Itsasadarreko eskuinaldeko ikastetxe bateko irakaslea da eta eskola-orduak erabiltzen zituen sexu-gehiegikeriak egiteko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Salaketa bost urteko ikasle baten gurasoek jarri zuten ustez euren haurrak ikastetxean sexu-gehiegikeriak jasaten zituela ohartaraziz. Hori dela medio, ikerketa jarri zen abian eta azken hilabeteotan Ertzaintza erne ibili da. Atzo goizean, 46 urteko gizonezko bat atxilotu zuten adin txikikoei sexu-gehiegikeriak egitea egotzita.

Ikerketaren osagarri gisa, eta Gabonetan zehar ikastetxean ikaslerik ez zegoela kontuan izanik, poliziak ikastetxean zaintza ezarri zuen baliabide bideografikoen bitartez, eta gertakariak egiaztatu ziren. Jasotako materiala dagoeneko agintari judizialen esku geratu da. Ikertzaileek egiaztatu dute gelak banatzerako orduan, ikasleekin bakarka egoteko aprobetxatzen zuela eta adin txikikoei baimenik gabeko ukituak egiten zizkiela, eta noiz edo noiz, gainera, bere bulegora eramaten zituela.

Ertzaintzak egiaztatu duenez, gutxienez lau adin txikikori egin dizkie sexu-gehiegikeriak gizonezkoak, eta beste adin txikiko batzuekin gauza bera egin ote duen egiaztatzeko ikerketak zabalik jarraitzen du. Gainera, ikerkuntzarako poliziak hainbat material informatiko atzeman dizkio atxilotuari.

Atxilotua poliziaren etxean dago eta epailearen aurrera eramango dute dagozkion ikerketak amaitu ostean. Atxilotuak ez du aurrekari polizialik.