Bizkaiko Ogasuna zergen kudeaketa eraldatuko duen eredu teknologiko bat ari da diseinatzen IBM-rekin

Actualizado: lunes, 24 enero 2011 15:16

BILBO, 24 Ene. (EUROPA PRESS) -

Lantik Bizkaiko Foru Aldundiko sozietate informatikoak, IBM konpainiarekin lankidetzan, proiektu bat abiarazi du foru erakundeko Ogasun eta Finantza Sailean, informazioaren teknologiak gehiago erabiltzeko asmoz, eta horrela, herritarrari hurbiltasun handiagoa eskaini eta Sailak zergekin egiten duen kudeaketa hobetzeko.

IBMk, Lantik sozietatearekin batera, bost urtean egingo du lan 16,7 milioi eurotan baloratutako proiektu horretan. Lan horren guztiaren azken emaitza Ogasun eta Finantza Sailarentzat diseinatuko den informazio-eredu bateratua izango da. Eredu integratua izango da, eta teknologiak izango ditu oinarri, Sailak egiten dituen prozesu-jarduerak errazteko. Horrenbestez, abantailak eskainiko zaizkie bai herritarrei, bai langile publikoei, bai eta laguntzaile pribatuei ere (finantza-erakundeak, notarioak eta abar).

Horretarako, IBMk aholkularitza-zerbitzuak emango dizkio Lantiki eredu berriaren diseinu zehatza egiteko, bai eta proiektuak aurrera egitea bermatuko duen trantsizio-plana ezarri eta koordinaziorako esparrua artikulatzeko ere.

Ekimen honen helburua da zerga-betebeharrak betetzea erraztea herritarrei eta enpresei. Izan ere, proiektu honi esker herritarrak informazio gutxiago eman beharko du tramite bakoitzean, eta, aldi berean, tramiteak egiteko Ogasunaren bulegoetara joan beharra eskatzen ez duten kanalak erabiltzea sustatuko da: webgunea edo telefono bidezko euskarria, esaterako.

Proiektu honen bidez, gainera, errazagoa izango da herritarrek Ogasun Sailarekin dituzten betebeharrak betetzea, lankidetza handiagoa egon ahalko baita beste sailekin, administrazioekin eta eragile pribatuekin. Halaber, informazio-eredu honi esker, gardentasuna areagotu eta hainbat alderdi indartuko dira, adibidez, segurtasuna eta datuen pribatutasuna.

Ekimen honek Ogasun eta Finantza Sailaren eragiketen eraginkortasuna areagotzeko ere balioko du, eta, horretarako, kudeaketa, zerga-bilketa eta ikuskaritza arloetan dauden prozedura eta tramite komunak identifikatu, diseinatu eta mekanizatuko dira. Aurrekoarekin batera, hauek lortu nahi dira: zeregin errepikakorrak automatizatzea, informazio-sistemei adimen handiagoa ematea eta informazio-sistemako aplikazioek dituzten osagai komunak berrerabil daitezela sustatzea.

Hain zuzen ere, informazio-teknologiak erabiliz etekin handiena atera ahalko zaio informazioari, informazio hori erakunde osoak konpartituko duen zeharkako aktibo bihurtuko baita, errazagoa izan dadin zergadunaren beraren zein zergadun horrek Ogasunarekin duen ikuspegi bateratua lortzea.