Bizkaiko Ogasunak 560 milioi euro aurkitu zituen 2011n zerga iruzurraren aurkako borrokan

Iruarrizagak agerraldia egin du Bizkaiko Batzar Nagusietan
Foto: BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: lunes, 13 febrero 2012 14:54

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasuno diputatua, berak eskatuta, Batzar Nagusien aurrean agertu da gaur, foru erakundeak iaz zerga iruzurraren aurkako borrokan egin zituen jardueren berri emateko. Horrela, Bizkaiko Foru Ogasunak, 2011n, 560 milioi euroko iruzur-poltsa azaleratzea eta Fiskaltzari zerga iruzurraren arloko ustezko delituei buruzko 16 txosten bidaltzea lortu du.

   Iruarrizagak nabarmendu du iruzur-poltsa hau bere saileko profesionalen taldeak zergen arloan eskumenak dituzten gainerako erakunde eta administrazioekin egin duen lan koordinatu eta eraginkorrari esker aurkitu dela, funtsean.

   Hori dela eta, bere "kezka eta harridura" helarazi dizkio Batzar Nagusietako batzordeari, azken hilabeteetan komunikabideetan agertu denagatik, "koordinazio falta eta informazio falta" aipatu baitira. Diputatuak esan du hitz horiek iruzurraren aurka lanean ari diren pertsona guztien jardueraren inguruko zalantzak sortzeko baino ez dutela balio.

   Zentzu horretan, Iruarrizagak gogoratu du Bizkaiko Foru Ogasunaren lehentasunetako bat zerga iruzurrari aurre egitea dela, "gure gizarteak duen gaitzetako bat delako eta, gainera, foru aldundien eskumen esklusiboa delako".

   Bizkaiko Aldundiaren lana funtsezkoak diren eta lotura estua duten oinarrizko hiru zutabetan oinarritzen dela azaldu du: informazioa, koordinazioa eta ekitea. Elementu horiei laugarren elementu bat gehitu behar zaiela adierazi du, "iruzurraren aurkako borrokan ezinbestekoa", hau da, iruzurgileen izenak eta datuak. "Datu zehatzak behar dira ekin ahal izateko eta iruzurra ekiditeko. Ez da nahikoa iruzurra dagoela esatea. Non dagoen eta nor egiten duen esan behar da eta Foru Ogasunari eman behar zaio horren berri", azaldu du.

   Iruzur-poltsari eta zergen arloko ustezko delituengatik Fiskaltzari bidalitako txostenei buruzko datuaz gain, Iruarriazagak baieztatu du egindako lan eraginkorraren beste adierazle bat dagoela: Bizkaiko zergadunei buruzko 49 milioi datu, zerga administrazio guztietatik jaso direnak.

   Zifra horiei 2003-2011 aldian aurkitutako 2.300 milioi eurotik gorako kopurua gehitu behar zaie; izan ere, aldi horretan izan baita Iruarrizaga Ogasun Saileko buru, eta, epe horretan, ehun txosten baino gehiago bidali zaizkio Fiskaltzari.

   Iruarrizagaren helburua da jarduera honen berri ematea herritar guztiei, gizartearen gaitz honi aurre egiten lagunduko duten kontzientziazio kanpainen bidez. Horretarako, 2010eko publizitate kanpainan erabilitako irudia berreskuratu da, "STOP IRUZURRARI" goiburupean, azken ekitaldiko datuen arabera egokituta.