Bizkaiko rockari buruzko web bidezko dokumental baten lehen atala ahalbidetu dute norbanakoen eta elkarteen ekarpenek

Actualizado: jueves, 10 enero 2013 13:44

BILBO, 10 Ene. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Itsasadarraren bi aldeetan 1990eko hamarkadan zehar izandako eraldaketa hiritarra rockaren ikuspuntutik kontatuko duen "160 metro: Bizkaiko rockaren istorio bat" web bidezko dokumentalaren lehen atala egin ahal izango da norbanakoek eta zenbait elkartek egindako ekarpenei esker.

Egitasmoaren arduradunek jakinarazi dutenez, joan den asteburuan beharrezko finantzaketa minimoa lortu zen lehen atala egiteko. Banakako 194 laguntzailek 5 eta 50 euroko ekarpenak egin dituzte, eta Kafe Antzokia, La Caldera Musika Elkartea eta Tipografika produktore bezala sartu dira egitasmoan; horri esker, urtarrilaren amaieran grabazioa hasiko da. Estreinaldia udaberrirako aurreikusita dago, EITBn eta streaming bidez interneten.

'Crowdfunding' finantziazio txikien bidez gauzatzen den sistema bat da, eta lehen fase honen ondoren, finantzaketaren bigarren fasea hasiko da, otsailak 16ra arte luzatuko dena, hori baita epemuga dokumentalaren gastuak ordaindu ahal izateko.

Hori dela eta, egitasmoaren arduradunek deia luzatu diete taberna, denda, marka edo erakundeei, ekimen hau lagundu dezaten eta horrela seriearen bost kapituluak egi bihurtu daitezen. Edonork parte har dezake eta Goteo plataformaren bidez egin dezakete helbide honetan: http://goteo.org/project/160metros

Bestalde, proiektu irekia denez, deialdia ere egin diote laguntza eman nahi duen edonorri, garaiko artxibo materialaren ekarpena eginez, hala nola, bideo, argazki, entzunezko artxibo, kontzertuen sarrera edota kartelak.