Bizkaiko zazpi eskualdeetako 50 bat bertsolari gazte batuko dira XXIII. BBK Txapelketan

Bizkaiko Bertsolari Gazteen XXIII. BBK Txapelketa aurkeztu dute
Foto: BBK
Actualizado: lunes, 9 marzo 2015 16:23

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko bertsolari gazteenek jendaurrean bat-batean jarduteko aukera izango dute beste behin, astearte honetan, martxoaren 10ean, Bizkaiko Bertsolari Gazteen BBK Txapelketaren 23. edizioa hasiko baita. Guztira, lurraldeko zazpi eskualdeetako 50 bat bertsolari gazte elkartuko dira lehiaketan, bere arduradunek prentsaurrekoan iragarri dutenez.

   Bilboko BBK aretoan egindako ekitaldian izan dira Leire Aragón BBK-ko Gizarte Ekintzaren zuzendaria, Jone Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sustapen arduraduna, Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduraduna eta Fredi Paia Bizkaiko bertsolari txapelduna.

   Zehazki, bertsolari gazteek zazpi talde osatuko dituzte, bakoitza gutxienez sei kiderekin, eta eskualde bana ordezkatzen: Arratia-Txorierri, Bilboaldea, Busturialdea, Uribe Kosta, Enkarterriak, Durangaldea eta Lea-Artibai (iazko irabazlea).

   Lehenengo sei taldeak hiru saiotan lehiatuko dira, martxoaren 10ean, 11n eta 17an, Igorre, Zalla eta Durangoko ikastetxe eta kultur etxeetan, hurrenez hurren. Finalerdiak martxoaren 18an eta 24an izango dira, Markinan eta Sopelan, eta Lea Artibai automatikoki igaroko da fase honetara aurreko edizioaren irabazle bezala. Final handia martxoaren 26an izango da, 19:00etan, Bilboko Kafe Antzokian.

   Bertsolari Gazteen BBK Txapelketan parte hartuko dutenak bi adin mailatan banatuko dira: lehenengoan 18 urte artekoak eta bigarrenean 18 eta 24 urte artekoak. Sariei dagokienez, 2.000 euro baino gehiago banatuko dira, eta lehen sariak 1.260 euro izango ditu talde txapeldunarentzat; bigarren saria 900 eurokoa izango da, eta 140 euro emango zaizkio bizkaierarik onena erabiltzen duen bertsolariari. Txapelketak, gainera, beste 3.780 euro banatuko ditu parte hartzen duten bertsolari guztien artean, dieta legez.