Blas de Otero-Bilboko Hiria Nazioarteko Poesia Sariak 5.500na euroko bi sari banatuko ditu

Actualizado: lunes, 16 marzo 2015 14:08

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Blas de Otero Fundazioak Blas de Otero-Bilboko Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren zortzigarren ediziora deitu dituzte edozein nazionalitateko eta edonon bizi diren egileak. Lehiaketak 5.500na euroko bi sari izango ditu irabazle diren bi lanentzat, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan.

   Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, lehiaketara aurkezten diren lanak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan behar dira, eta beste ezein lehiaketan saririk edo accesitik jaso gabeak. Halaber, ez dira jatorrizko lan gisa onartuko aurkezten den modalitateko hizkuntzara beste hizkuntza batetik itzulitako lanak. Lanek 700 bertso izango dituzte gutxienez, eta 1.000 gehienez, eta gaia, errima eta neurria libreak izango dira.

   Lehiaketaren oinarrietan ezartzen da lanak paperez aurkeztu edo Bilboko Udaleko web gunearen bitartez bidali ahal izango direla, ekainaren 1a baino lehen. Paperez aurkeztuz gero, lanaren lau kopia bidali beharko dira Abando-Barrainkuako hiri zentrora, Blas de Otero Fundazioaren izenean. www.bilbao.net webgunearen bitartez aurkezten diren lanei dagokienez, egileak bere datuekin bete beharko du formularioa, eta poema bilduma PDF formatuan bidali. Epaimahaiaren erabakia urrian jakinaraziko da.

   Blas de Otero-Bilboko Hiria Saria 2008an sortu zuen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Bilboko poetaren ondarea kudeatzen duen Blas de Otero Fundazioarekin elkarlanean. Lehiaketaren helburua literatur sorkuntza sustatzea eta bilbotarren artean hiriak eman duen idazle handienetako baten irudia ezagutaraztea da.