Blas de Otero VII. Poesia Lehiaketan saritutako poema liburuak argitaratu dira

Aintzane Galardiren lana
BILBOKO UDALA
Actualizado: viernes, 27 noviembre 2015 11:33

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Bilboko Udaleko Kultura Sailak eta Erein eta Devenir argitaletxeek Blas de Otero Poesia Lehiaketaren 2014ko edizioan saritutako poema liburuak argitaratu dituzte bi liburutan. Aintzane Galardiren "Medafin usaineko iluntzeak" (Erein) eta Raul Ortega Alfonso kubatarraren "El caballo no tiene zapatos" (Devenir) lanak dira argitaratu direnak.

   Euskarazko eta gaztelaniazko kategoriatan saritutako poemak jasotzen dituzten bi liburukiak salgai daude jada, eta maileguan ere hartu daitezke Bilboko Udal Liburutegi Sarean, Bilboko Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

   Aintzane Galardi (Oiartzun, 1969) Euskal Filologian eta Kultur Baliabideen Kudeaketan lizentziatua da, eta irakasle lanean ari da Nafarroan. Bi poesia liburu argitaratu ditu: "Itoti urdinaren azpian" (2005) eta "Zirrikituak" (2007).

   "Medafin usaineko iluntzeak" poema liburuan, idazleak Marokora egindako bidaia gogoratu eta bertako kale estuak, beste garai batzuetako jendea eta basamortua ekartzen ditu gogora. Poesia bidaia hori kontatzeko eta deskribatzeko erabiltzen du, eta "zentzumenez betetako giro sentsuala lortzeko esparrua da".

   Bestalde, Raúl Ortega Alfonso (Habana, 1960) Mexikon bizi da 1995etik. Alemanera eta ingelesera itzuli diren zenbait poema liburu eta ipuin argitaratu ditu. Horrez gain, iaz bere lehen eleberria argitaratu zuen: "El inodoro de los pájaros". Ohiko kolaboratzailea da zenbait komunikabidetako kultura orrialdeetan.

   "El caballo no tiene zapatos" lanak egungo Mexikoren egoera soziopolitikoa gogoratzen du. "Liburu ikaragarria da, eta bertan azpimarragarria da alaba mundu suntsitzailearen aurrean jarri beharraren erantzukizunak gaindituta dagoen aita baten oihu mingarria. Maitasun eta beldur horietatik sortzen dira testuan nagusi diren tragedia eta gozotasuna", azaldu dute.

   Bilboko Udaleko Kultura Sailak urtero deitzen du Blas de Otero Poesia Lehiaketa. Literatur jarduera eta talentu berrien agerpena sustatzea eta poeta bilbotarraren oroimenari eta lanari bizirik eustea dira lehiaketaren helburuak.